IV. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon helduko da Bermeora uztailaren 4an, kirola eta elkartasuna batuz

Bermeoko Matxitxako T.K.T. talde ziklistak martxan jarri dau herrialdeko txirrindularitza egutegian leku berezia lortu dauen proba: IV. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon jaialdia.

Txapelketa hau datorren uztailaren 4an ospatuko da Bermeon, eta 2023an lehenengo biderrez antolatu zanetik, herria, kirola eta inguruko jendea ezagutaraztea daukala helburu. Antolatzaileek 300 txirrindulari inguru batzea espero dabe aurten.

Kirol erronka hutsa izateaz gain, ekimen honek hasiera-hasieratik euki dau helburu solidario sendo bat. Lehenengo urtean Eutsi Gogor Denok Batera alkartea lagundu ostean, azkenengo edizioetan eta 2026ko honetan be ASPANOVAS alkarteari (Bizkaian minbiziaren aurka borrokatzen daben umeen gurasoen alkartea) laguntzeko asmoari eutsi deutsie.

Parte-hartzaileen inskripzioakaz eta babesleen laguntzagaz, elkarteak indarrean daukazan proiektuak finantzatuko dira. Inskripzioak ekainaren 21era arte egongo dira zabalik Rockthesport plataforman.

Matxitxako T.K.T. taldeak gizarteari laguntzeko modu gisa ikusten dauz bere ekintzak. Bide horretatik, herrian Orkatzeta eta Bermeoko Udalagaz batera Bizi Festa antolatzeaz gain, Bizkaiko Minbiziaren kontrako Elkartearen martxan eta bestelako ekimenetan be pedalak emoten ibiltzen dira.

Bi ibilbide gogor Urdaibai ezagutzeko

Aurten, antolatzaileek bi ibilbide desberdin eta exijente proposatzen dituzte, txirrinduagaz normalean ikusten ez diran mendiko lekuetatik pasatzeko eta Urdaibai modu desberdin baten ezagutzeko:

  • Bide LABURRE: 41 kilometroko distantzia eta 1.325 metroko desnibel positiboa daukana.
  • Bide LUZIE: Gogorrenentzat pentsatua, 61 kilometroko distantzia eta 2.000 metroko desnibel positibo metatua estaliko daukazena.

“Xtrem da, bai, baina erronkak betetzen gizarteak beti aurrerantz egin du”, adierazi dabe taldekoek, proiektu honetan sinetsi daben guztiei eskerrak emanez.