U-BAI Faktoriak sei enpresa-proiektu hautatu dauz Urdaibain jarduera ekonomikoa eta talentua erakartzeko

Busturialdea-Urdaibaiko enpresa nagusiek bultzatutako U-BAI Faktoria ekimenak sei enpresa-proiektu hautatu dauz aztertutako 50 ekimen baino gehiagoren artean. Hautatutako proiektu honeek daukiezan hazkunde-potentzialagaz eskualdeko garapen ekonomikoari laguntzeko, talentua erakartzeko eta Urdaibaiko enpresa-sarea sendotzeko gaitasuna balioetsi da.

U-BAI Faktoria ekimena Albacora, Artike Investments, Ebaki, Echebastar, Egoin eta Maier enpresek osatzen dute. Bere helburu nagusia eskualdean aukera ekonomiko barriak sortzea da, ekintzaile, enpresa, inbertitzaile eta lurraldeko ekosistema ekonomikoko eragileen arteko loturak erraztuz.

U-BAI Faktoriaren III. Inbertsio Foroa

Sei proiektu horreen aurkezpena U-BAI Faktoriaren III. Inbertsio Foroaren testuinguruan egin da. Hautatutako ekimenak eraikuntza, ekonomia zirkularra, informazio eta komunikazio teknologiak (IKT), arlo legal-teknologikoa eta bioteknologia bezalako sektorekoak dira, eta negozio zein lankidetza aukera barriak sortzeko daukaten indarragatik nabarmentzen dira.

Ekitaldian Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak parte hartu dau. Horrek argi erakusten dau enpresen eta erakunde publikoen arteko konpromiso partekatua, Busturialdea-Urdaibai inbertsiorako, ekintzailetzarako eta enpresa-proiektu barriak garatzeko ingurune erakargarri gisa kokatzeko.

“Urdaibaiek enpresa sendoak, ezagutza, industria-gaitasuna eta talentua daukaz. Gure helburua potentziala daukiezan proiektuak identifikatzea eta beharrezkoak diran konexioak erraztea da, hazteko, balioa sortzeko eta lurraldearen etorkizun ekonomikoari laguntzeko”, azpimarratu dau Ibon Mirandak, U-BAI Faktoriako presidenteak.

U-BAI Faktoriak, fundatzaileez gain, AZTI, Enagás Emprende eta Mondragón Ventures bezalako laguntzaileak daukaz, baita hainbat administrazio publiko eta eragile sozioekonomikoren babesa be. Egitura honen bidez, lankidetza-sare sendo bat osatu da Urdaibaiko inbertsioa, berrikuntza eta enpresa-garapena mesedetzeko.