Bermeoko Udalak ‘BIZTU BERMEO’ zerbitzua jarri dau martxan, herritarren osasun fisiko eta mentala sustatzeko

Bermeoko Udalak BIZTU BERMEO Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzu barria aurkeztu dau. Gizarte Ongizate Sailak sustatutako eta Kirol Sailaren lankidetzagaz garatutako ekimen honen helburu nagusia herritarren artean ariketa fisikoaren ohiturak indartzea da, bereziki kirol gutxi egiten daben edo mugitzeko zailtasunak daukazten pertsonei zuzenduta.

Zerbitzuak laguntza pertsonalizatua eskainiko dau, ariketa fisikoa eguneroko bizitzan modu egonkor eta iraunkorrean txertatzeko. Horretarako, Iñigo Iriondo Duque bermeotarrak —Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatuak— beteko dau orientatzaile kargua, eta erabiltzaile bakoitzaren egoera eta beharrak aztertuta, neurriko programa diseinatuko dau.

Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizateko zinegotziak azpimarratu dauenez, hasiera-hasieratik herritarren ongizatea lehentasuna izan da eta BIZTU BERMEO orain arteko lana borobiltzeko programa ezin hobea da. Gainera, herriko zerbitzuen arteko saretze-lana —anbulategia, gizarte zerbitzuak eta elkarteak koordinatuz— Athlonen laguntzagaz indartu izana goratu dau.

“Kirol-errezeta” eta koordinazioa anbulategiagaz

Egitasmo honen ezaugarri nagusietako bat osasun publikoko profesionalekin daukala lankidetza estua da. Anbulategiko mediku zein erizainek herritar bati ariketa egitea komeni zaiola baderitzote, “kirol-errezeta” baten bidez orientazio zerbitzura bideratu ahal izango dabe. Erabiltzaileak dokumentu hori erakutsi beharko dau lehenengo hitzorduan, bere bizi-ohiturak aztertu eta plan egoki bat adosteko.

  • Zerbitzu barri honen eginkizun nagusiak honako honeek izango dira:
  • Kirolik egiten ez daben pertsonak identifikatzea eta hareen bizi-ohiturak ebaluatzea.
  • Jarduera fisikoaren onuren inguruko informazioa emotea.
  • Pertsona bakoitzaren egoera sozial eta gustuetara egokitutako ariketa-fitxa zehatzak (maiztasuna, intentsitatea eta gomendioak) prestatzea eta hareen jarraipena egitea.

Doako zerbitzua eta ordutegiak

BIZTU BERMEO doako zerbitzua izango da herritar guztientzat, baina aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da 684 811 788 telefono zenbakira deituta edo biztu@bermeo.eus helbide elektronikora idatzita. Zerbitzua eguaztenetan eskainiko da, ordutegi eta gune hauetan banatuta:

  • 09:00 – 13:00: Gizarte eta Kultura etxean.
  • 16:00 – 18:00: Anbulategian.
  • 18:00 – 20:00: Gizarte eta Kultura etxean.