Elantxobeko Udalak arrantza-portuan kableatua lurperatzeko lanen azken faseari ekin deutso

Elantxobeko Udalak arrantza-portuko hiri-eremuan kable elektrikoak eta telekomunikazio-sareak lurperatzeko kanalizazio-lanen azken faseari ekin deutso. Obra honeek duela bost urte hasi ziran eta faseka osatzen joan dira; jardunbide barri honegaz, prozesu osoa amaitutzat ematea da udalaren asmoa.

Aurreko fasean hainbat zailtasun aurkitu ziran, eta horren ondorioz, kableatua portuaren ekialdeko zatian erabat lurperatu barik geratu zan. Hala ere, azkenean lanak egin ahal izan dira, erabilitako baliabide teknikoak jarduketa-eremuak daukazan ezaugarri zailetara egokitu ostean.

Azken bultzada honek 45.676,82 euroko aurrekontua euki dau. Kopuru horretatik gehiena, 45.481,05 euro hain zuzen be, Bizkaiko Foru Aldundiak jarri dau, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailak sustatutako dirulaguntzen programa baten bidez.

Laguntza honeek erabilera edo zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretara bideratutako udal-eskumeneko inbertsioak sustatzeko izaten dira, 2025. urterako aurreikusitako deialdiaren barruan. Lan honeei esker, Elantxobeko portuko irudia eta azpiegituren segurtasuna nabarmen hobetuko dira.