Bermeoko udal liburutegiak Aste Kulturala antolatu dau datorren asterako

Bermeoko udal liburutegiak Aste Kulturala ospatuko dau ekainaren 15etik 19ra bitartean. Bost egunez, literatura, memoria historikoa, gizarte-gaiak eta nazioarteko errealitatea izango dira protagonista, askotariko publikoari zuzendutako jardueren bidez.

Ekimen hau liburutegiak abiatu dauen berrikuntza-prozesuaren barruan kokatzen da, liburuak mailegatzeko leku huts bat izan beharrean, ezagutza partekatzeko eta komunitatea eraikitzeko gune bizi bihurtzeko asmoz.

Jarduera guztiak Bermeoko udal liburutegian egingo dira, irekiak izango dira eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.

Aste Kulturaleko ekintzak arratsaldez garatuko dira, eta honeek izango dira saio nagusiak:

Ekainak 15 (Astelehena), 18:30ean: Asier Merlo idazle bermeotarrak El último rincón del infierno gazte-literaturako nobela aurkeztuko dau. Aurkezpena gaztelaniaz izango den arren, egileak euskarazko sarrera bat eskainiko dau.

Ekainak 16 (Martitzena), 18:30ean: Miren Gabantxo Uriagerekak Lourdes Iriondo euskal kulturaren erreferente handiaren figurari buruzko hitzaldia emango dau, haren bizitza artista, emakume eta kultur eragile modura aztertuz.

Ekainak 17 (Eguaztena), 18:30ean: Bego Pradosek No pasa nada liburua aurkeztuko dau. Lan honek autismoaren errealitatea jorratzen dau familien ikuspegitik, gizartean gero eta presentzia handiagoa daukan gai honen inguruko elkarrizketa sustatzeko.

Ekainak 18 (Eguena), 19:00etan: Asel Luzarraga idazleak Puta jainkotiarrak nobela aurkeztuko dau, sormen-prozesuaz eta lanaren gai nagusiez hitz egiteko aukera eskainiz.

Ekainak 19 (Barikua), 18:30ean: Aste Kulturalari amaiera emoteko, Markel Ortuzarrek Palestinako gatazkaren inguruko testuingurua azaltzen dauen Olibondoaren herria lana aurkeztuko dau. Saioari Nadia Nemeh Bermeoko alkateak egingo deutso sarrera.

Bloomsday eguna, domekan

Eta aste Kulturalaren aurretik, domekan, ekainaren 14an, Bloomsday eguna ospatuko da Bermeon, Eusko-Irlandar LagunCara elkarteak antolatuta. James Joyceren Ulises eleberri ospetsua abiapuntutzat hartuta, ibilaldi berezi bat egingo dabe literatura garaikidearen maisulana gogoratzeko; goizeko 10:30ean hasiko dabe bidea Talako kantinatik.