San Juan Ibarrako Auzo Elkarteak, Udalaren eta Segundo Olaeta Musika Eskolaren (SOME) laguntzagaz, adin guztientzako egitarau zabala prestatu dau bariku arratsaldetik astearte gauera arte herritarrak girotzeko.
Jaiak ekainaren 19an hasiko dira, 18:30ean SOMEko trikitilarien kalejiragaz, eta ostean txupinazoa, barbakoa eta Segundo Olaeta Banda Sinfonikoaren Rock N’Band kontzertua egongo dira 22:00etan.
Larunbatean, ekainak 20, ekintzak eguerdiko 12:00etan abiatuko dira swing dantzagaz, eta egun osoan zehar barbakoak, umeentzako tailerrak, apar festa, puzgarriak eta SOMEko konboen rock kontzertua egongo dira gauean.
Igandean, hilak 21, umeen parkea, batukada, tailerrak eta Extremoduro taldeari tributo kontzertua prestatu dituzte arratsaldeko 19:00etarako. Jaietako azken txanpan, astelehenean umeentzako ekintzek jarraituko dabe goiz eta arratsaldez, eta iluntzean euskal dantzak eta magia ikuskizuna egongo dira. Azkenik, asteartean, ekainak 23, puzgarriez gain zezen mekanikoa eta diskofesta egongo dira umeentzat, eta 19:00etako txokolatadaren ostean, San Juan gaueko show bereziari emango zaio bidea 20:00etan, auzoko suari hasiera emateko.



