Joan dan ekainaren 3an, Muxika-Ibarruri-Gorozikako Umeen Kontseiluak ikasturte honetako bere azkenengo saioa burutu eban herriko udaletxean. Zortzi urtetik hamabira bitarteko umeek osatzen daben partaidetza politikorako lantalde honek alkateagaz batera egiten dau behar herria hobetzeko asmoz.
Kontseilu honetan parte hartzeak berebiziko interesa pizten dau umeen artean; izan be, herriko kontuetan adituak dirala sentitzen dabe eta Muxika-Ibarruri-Gorozikako parte inplikatua dirala ikusten dabe. Hala eta guztiz be, arduradunek argitu dabe lantalde hau helduon interesagatik deitzen dela; hau da, udal ordezkarien aldetik umeen ikuspuntuak jasotzeko benetako interesa dagoela azpian, euren ahotsa udal politikan txertatzeko.
Bisita gidatua eta proposamenak Osoko Bilkura aretoan
Ekaineko saio berezi honetan, alkateak harrera egin eutsien umeei udaletxean eta bisita gidatu bat eskaini eutsien bertako langileak eta bakoitzaren egitekoak ezagutarazteko.
Gero, Osoko Bilkura aretora iritsitakoan, lanari heldu eutsien berriro. Umeak udal ordezkariekin eseri ziren ta urte osoan zehar Muxika-Ibarruri-Gorozikarako proposatutako hobekuntzak eta ideiak aztertzen eta horien inguruan patxadaz berba egiten aritu ziren,, ikasturteari amaiera borobila emonez.



