Gernika-Lumoko ingurumen arloak antolatuta, eta Europako Let’s Clean Up Euskadi kanpainaren barruan, auzoko hainbat herritar eta talde batu ziran joan dan domekan Oka ibaiaren ingurua garbitzeko. Ekimen honek ingurumenaren babesegaz konprometitutako boluntarioak batu ebazan, eta guztien artean 400 kilo hondakin baino gehiago ateratzea lortu eben ibaiaren uretatik zein bazterretatik.
Batutako materialen artean denetarik aurkitu eben: pneumatikoak, burdinazko piazak, plastikozko ontziak, kristalezko botilak, altzari zatiak eta bidoiak, besteak beste. Kendutako objektu kopuruak eta mota askotarikoak izateak argi erakusten dau kontrol bako isurketek kalte handia egiten deutseela balio ekologiko handiko natura-gune honi. Jasotako zabor guztia sailkatu egin zan ostean, bakoitzari jagokon tratamendu egokia bermatzeko.
Garbitzeaz gain, kontzientzia pizteko eguna
Udalaren arabera, ekimen honek helburu bikoitza bete dau: alde batetik, natura-ingurunea zuzenean hobetzea zaborra kenduz, eta, bestetik, herritarrak kontzientziatzea ibai, hezegune eta inguruetan hondakinak uzteak dakarzela ondorio larriez.
Jon Lejarraga Ingurumen zinegotziak eskerrak emon gura izan deutsie parte-hartzaile guztiei, eta zera azpimarratu dau: “Kendu ditugun hondakinez haratago, horrelako saioek gure ibaiak babestea denon ardura dela gogorarazteko balio dabe”.
Garbiketa saio honek herriko elkarte eta taldeen laguntza euki dau, baita Eusko Jaurlaritzaren, Ihoberen eta Europako Batasunaren babesa be, Let’s Clean Up Europe kanpainari lotutako programen bidez.



