Gernika-Lumoko Kultur Etxeak ateak zabalduko dautso ikasturte honetako sormenari. Hurrengo eguenean, ekainak 18, 2025-2026 ikasturteko arte tailerretan parte hartu daben ikasleek egindako artelanen erakusketa inauguratuko da. Ekitaldi berezi hau arratsaldeko 18:00etan izango da, Kultur Etxeko Ricardo Abaunza erakusketa gelan.
Urtero legez, herriko sormen-gune indartsu honek ikasturtean zehar egindako lan bikainak erakusteko aukera emoten dautse herritarrei. Tailer honeek adin guztietako publikoari zuzenduta dagoz, eta bertan hainbat arte-diziplina ikasi, sortu eta gozatzeko aukera egoten da. Aurten, erakusketan diziplina eta dinamizatzaile honeen lanak ikusi ahal izango dira:
-
Arte Sormena (Dibertsitate funtzionaleko taldea): Mª Jose Dapousaren gidaritzapean.
-
Eskulanak: Eunice Ortízek dinamizatuta.
-
Bitxigintza: Camila Bayonaren eskutik.
-
Egur Lanketa: Juanra Muelaren zuzendaritzapean.
-
Arteskola: Julen Munitiz dinamizatzaile dela.
Jakin-mina pizteko eta esperimentatzeko lekua
Kultur Etxeko arduradunek azaldu dabenez arte ikastaro hauek materialak eta metodo artistikoak esperimentatuz gure jakin-mina eta gurariak adierazten ikasteko leku paregabeak dira; baita talde-lana sustatzeko eta komunitateak sortzeko ere.
Hastapen-tailer honeen balio nagusia ez da artista profesionalak prestatzea, baizik eta parte-hartzaileengan jakin-mina piztea eta bakoitzari bere sormena garatzeko beharrezko tresnak emotea, betiere ikaskuntza-prozesua bera baloratzen den ingurune atsegin batean.
Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dabez erakusketara..



