Bermeoko Lamera itzuliko da euskal dantzaren eta jai giroaren erdigune izatera. Datorren domekan, ekainak 21, herriak XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna hartuko dau. Eskualdeko euskal dantzaren urteko hitzordurik garrantzitsuenetariko honek Busturialdeko dantzari gazteak elkartuko dauz tradizioa, kultura eta belaunaldien arteko transmisioa ospatzeko asmoz.
Zortzi dantza talde eta egitarau zabala
Guztira, 250 dantzari inguruk hartuko dabe parte ekimenean, Busturialdeko zortzi dantza talderen eskutik:
-
Alkartasuna Dantza Taldea (Bermeo).
-
Itxas Alde (Bakio).
-
Irrintzi Alai (Busturia).
-
Urdaibai (Forua).
-
Elai Alai (Gernika-Lumo).
-
Baso-Txoritxu (Ibarruri).
-
Lorea (Ibarrangelu).
-
Artie (Gautegiz Arteaga).
Jardunaldiaren helburu nagusia euskal dantzen transmisioa sustatzea eta ume zein gazteek urte osoan egindako ahalegina erakustea da, gure ondare immateriala bizirik mantentzeko.
Dantzari txikiek mota askotariko errepertorioa eskainiko dabe Lameran: Dantzari Dantza, umeen jolas-dantzak, Txulalai, Sardinerak, Markinako Zaragi Dantzak, Ziekoko dantzak, Txantxoak eta Makil Txikiak, Gorulariak eta Domingillo. Saioari amaiera borobila emoteko, talde guztietako dantzariak batera ariko dira Olagueko Esku Dantza interpretatzen.
Egitarauaren ordutegia:
-
11:30ean: Dantza talde guztiak Taraskan elkartuko dira.
-
11:45ean: Kalejira abiatuko da Lameraraino.
-
12:00etan: Dantza emanaldia hasiko da.
Antolatzaileek herritar eta bisitari guztiak gonbidatu dabez ekitaldira, dantzaren bidez eskualdeko herrien arteko loturak sendotuko dabezan egun eder honegaz gozatu deien.



