Mundakako tren geltokiaren eta herrigunearen arteko oinezkoen loturea hobetzeko lanak amaituta, Urremendi Landa Garapen Elkarteak amaitutzat emon dau 2022tik eskualdean sustatutako Jasangarritasun Turistikoaren Plana. Next Generation Europako funtsei esker, 2,1 milioi eurotik gorako inbertsinoa bideratu da Urdaibain. Finantzaketa honi esker, mugikortasun jasangarria, digitalizazinoa, turismoaren lehiakortasuna eta lehen sektorearen balioa indartzeko proiektuak garatu dira, eskualdea turismo jasangarriaren erreferente moduan sendotuz.
Guztira hamar jarduketa gauzatu dira azken urteotan turismo eredu jasangarriago, berritzaileago eta lehiakorrago bat bultzatzeko asmoz. Mundakako azken obra hau planeko esanguratsuenetako bat izan da, milioi bat euro inguruko inbertsinoagaz. Lan honi esker, Euskotreneko geltokiaren eta herriko gune turistikoaren arteko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu dira, oinezkoentzako zein bizikletentzako ibilbide seguruago, irisgarriago eta atseginagoa sortuz.
Urdaibai eraldatzeko hamar proiektuak
Programa 2022ko urrian abiatu zan Urdaibaiko Plan Zikloturistagaz, eta orain amaitutzat jo da. Honakoak izan dira Urremendik kudeatutako hamar jarduketak:
-
Urdaibaiko Plan Zikloturista.
-
Mundakako tren geltokiaren eta herrigunearen arteko oinezkoen loturea hobetzea.
-
Bisore turistikoa eraldaketa digitalera egokitzea.
-
Urdaibaiko turismo kontakizunaren formatu interaktiboa diseinatu eta ezartzea.
-
Dokumentu-kudeatzailea digitalizatzea eta produktu turistikoen planifikatzaile bat sendotzea.
-
Elantxoben, bisitari-fluxuak kudeatzeko plataforma digital adimenduna jarri.
-
Urdaibai Helmuga Turistiko Adimenduna bihurtzea.
-
Enpresa barriak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera atxikitzea.
-
Enpresa barriak Euskadiko Turismo Kode Etikora atxikitzea.
-
Lehen sektorea eta bertako produktuak balioan jartzeko jarduerak eta ekitaldiak sustatu eta garatzea.
Lankidetzea, arrakastaren giltza
Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak adierazi dauenez, “Mundakako obren amaierak duela lau urte hasitako lan baten amaiera sinbolizatzen du. Helburua Europako finantzaketa Urdaibairentzako benetako hobekuntza bihurtzea izan da, eta gaur esan ahal dogu baliabide horiek arrasto nabarmena utzi dutela gure eskualdean”.
Ansotegik gaineratu dau Next Generation funtsei esker gauzatzeko urte gehiago beharko ziren proiektu estrategikoak bizkortu ahal izan direla. Era berean, eskerrak emon deutsiez programan parte hartu daben udalei, enpresei eta tokiko eragileei, erakundeen arteko lankidetzea izan baita ekimenaren arrakastaren giltzarria.
Inbertsino honeekaz, Urdaibaik bere posizionamendua sendotu dau jasangarritasunagaz eta kalidadeagaz konprometitutako helmuga moduan.



