Muxikako Ajuria auzoan San Juan jaiak ospatzeko gertu dagoz dagoeneko eta Dringili-Drangolo auzo elkarteak eta Muxikako Udalak adin guztietarako egitarau herrikoi eta kulturala prestatu dabe ekainaren 20tik 24ra bitartean.
Hona hemen aurtengo egitarauaren xehetasunak egunez egun:
Jaietako egitarau osoa
-
Ekainak 20, zapatua: Jaiak arratsaldean hasiko dira herri bazkari handi bategaz 15:00etan. Ondoren, giroa berotzeko, Taixuz erromeria egongo da 18:00etatik aurrera.
-
Ekainak 21, domeka: Egun kirolzalea izango da. 12:00etan meza santua egongo da. Gero, 13:00etan, esku pilota eta zesta punta partidu nagusiak jokatuko dira. Egunari amaiera emoteko, 18:00etan, Ajuriako Pala Txapelketako final handiak jokatuko dira.
-
Ekainak 23, San Juan bezpera: Iluntzeko 20:30ean Basotxoritxu Dantza Taldearen ikuskizunagaz hasiko da ekitaldia. 21:30ean urteko gaurik magikoenari hasierea emango deutsie San Juan suekin, eta gaua borobiltzeko makailu jana egongo da 22:00etan.
-
Ekainak 24, San Juan eguna: Jaiak amaitzeko, 12:30ean San Juan eguneko meza santua ospatuko da eta, ostean, hamaiketako herrikoia egongo da bertaratutako guztientzat.
Pilota eta zesta punta jaialdi berezia domekan
Bestalde, ekainaren 21eko kirol saioa oso erakargarria izango da pilotazaleentzat. Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteak, Sustabiz Fundazioak eta Gernika Jai Alai Eskolak, Udalagaz batera, Ajuriako Jaialdia antolatu dabe 13:00etan.
Esku pilotari dagokionez, neurketa bi egongo dira:
-
Martin Urrutia eta Gari Agirrezabal bikoteak M. Gabikagogeaskoa eta Danel Flores izango ditu aurkari.
-
Beste partiduan, Amets Urrutia eta Jokin Arana, Aiert Urzaa eta Enaitz Agirreren kontra arituko dira.
Honegaz batera, Euskal Jai Alai zesta kinielak jokatuko dira. Bertan, eskolako dantzari eta pilotari gazteak arituko dira euren trebezia erakusten: Luken, Eneko, Oier, Laia, Ekhi eta Gaztelu.



