“Gernika-Lumo Uda Fest” sortu da, udako kontzertuekin kaleak eta plazak udako kontzertuekin betetzeko

Musikak protagonismo barria edukiko dau aurten herrian “Gernika-Lumo Uda Fest” jaialdiaren jaiotzeagaz. Udalak bultzatutako ekimen barri honek doako kontzertuak hurbilduko dauz herriko hainbat auzo eta plazatara, laugarren asteburuz jarraian. Proposamen honen helburu nagusiak udako kultur eskaintzea zabaltzea, espazio publikoen erabilerea sustatzea eta herritar guztiei zuzendutako zuzeneko musika anitza eskaintzea dira.

Gernika-Lumoko alkatea den José María Gorroñok, nabarmendu dauenez: «Kultura kalera ateratzea eta udalerriko txoko guztietara heltzea gura dogu. Uda Fest jaialdia gertuko espazioetan kalitatezko kontzertuak eskaintzeko jaio da, gure auzoetan bizitzea sortuz eta udaz alkarregaz gozatzeko aukera barriak eraikiz». Era berean, adierazi dau lehen edizio hau herriko kultur programazinoa aberasteko eta kaleak topo egiteko gune bihurtzeko apustu sendoa dela.

Lau asteburu, lau gune eta askotariko estiloak

Jaialdia uztailaren 11tik abuztuaren 1era bitartean ospatuko da, eta egitarauak talde ezagunak bilduko dauz herriko hainbat plazatan:

  • Uztailak 11 (21:30ean): Jaialdiari hasierea emoteko, Mirua taldeak joko dau Errenteriako San Bartolome kalean.

  • Uztailak 18 (21:30ean): Musikea Adolfo Urioste kalera lekualdatuko da Puro Relajo taldearen eskutik, Merkurioko iturriaren ondoan.

  • Uztailak 25 (21:30ean): Hirugarren hitzordua Gozategi taldeagaz izango da, San Cristobal plazan joko dabe-eta.

  • Abuztuak 1 (Amaiera ekitaldia): Azken eguna San Juan Ibarra plazan ospatuko da, tradizinoa eta musika buztartuz. Arratsaldeko 19:30etik aurrera Erraldoien kalejira egongo da herriko kaleetan zehar, eta 21:30ean Xaibor arituko da lehen edizio honi amaiera borobila emoteko.

Uda Fest jaialdia urtero jarraitzeko asmoagaz jaio da aurten, herriko jai eta musika egutegian bere lekua lortzeko eta auzokideen arteko hartu-emona eta aisialdia modu jasangarrian dinamizatzeko.