Bihar, ekainak 23, Busturialdeko txoko guztiak girotuko dira uda barriari ondoetorria emoteko, baina tenperatura altuen alerta dala eta, Gernika-Lumon, Gautegiz Arteagan, Muxikan eta Foruan ez da isiotuko San Juan sua segurtasun neurriak bermatuz.
Mundakan, sinesmenez eta indarrez hasiko dabe gau magikoa Talan. Ekintza nagusia iluntzeko kalejira berezia izango da, Sorgin Txikigaz batera gure pertsonaia mitologiko maiteak, hau da, Katu, Mosolo eta Sorgin herriko kaleetan zehar ibiliko baitira. Amaierako ekitaldia Talan egingo dabe, eta bertan piztuko dabe San Juan sua izpiritu txarrak uxatzeko eta udako solstizioari indarrez ekiteko.
Bermeon be ohitura zaharrek bizirik dirauela erakutsiko dabe plan borobil bategaz. Martitzenean, 21:00etan, kalejira jendetsua hasiko da Kultur Etxetik, eta bertan batuko dira Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, erraldoiak, txistulariak eta txalapartariak. Alde Zaharrean zehar sei geldialdi musikal egingo dituzte Goiko Plazaraino heldu arte, eta bertan piztuko dabe sua desioak eta udal-gutunazalak erretzeko. Hurrengo egunean, ekainak 24, erromeria nagusia egingo dabe San Juan Gaztelugatxeko ermitara, eta goiz-goizetik egongo dira mezak (06:30, 07:30, 08:30 eta 12:00etan) Gurutze Gorriak eta Babes Zibilak segurtasuna zaindu bitartean.
Gernika-Lumok ekintza potoloak prestatu ditu familientzat, nahiz eta aurten suterik ez dogun ikusiko. Arrastian umeentzako parkea egongo da zezen mekaniko eta guzti, eta 19:00etan txokolatada herrikoiaz gozatzeko aukera egongo da. Gauari argia eta umorea emoteko, azken traka 20:00etan helduko da “San Juan Gaueko Show-a” ikuskizun bikonagaz.
Azkenik, Muxika eta Murueta be ez dira atzean geratuko. Muruetan martitzenean 16:00etatik 20:00etara bitartean egongo dira ekintza bereziak. Muxikan, ostera, 20:30ean hasiko dira Basotxoritxu Dantza Taldeagaz, Gaua borobiltzeko eta indarrak berreskuratzeko, 22:00etan makailu jana egongo da herritar guztientzat.



