Olatz Mitxelena
Susa/2026
Etxe arrotz hau ipuin liburua aurkeztu zuen maiatza amaieran Olatz Mitxelena idazleak aurreko argitalpenaren bide beretik, ipuingintzan bere estiloa egonkortzen ari den seinale.
Izenburuak iradoki bezala, etxeak dira ipuinotako protagonista nagusiak, hein batean. Bide bazterrekoak, mudantza egin berri atondu beharrekoak, herentzian jasotakoak… Horien bidez, espazioak modu sinbolikoan funtzionatzen du. Okupatzen dituzten pertsonen mesfidantzak eta neurosiak islatzen dituzte etxeek, iraganaren eta ametsen oihartzunak biltzen dituzte eta egunerokotasunak estaltzen dituen arrakalak ikusgai jartzen.
Zerbait apurtzear zegoela uste izatetik konponezina dela ohartu arte une labur bat besterik ez da behar zenbaitetan. Istant horrekin deskriba daitezke liburu honetako kontakizun gehienak, igarobide horretan baitaude pertsonaietako asko. Esaterako, bikote harremanak dituzte ardatz ipuin ugarik, hain etxeko eta hain arrotz, pertsonen arteko urruntze ekidinezin horretaz mintzatzea ahalbidetzen baitiote idazleari.
Ipuin indartsuak bildu ditu Mitxelenak liburu honetan, sinpletasun agerikoaren azpian geruza bat baino gehiago biltzen baitituzte. Narratzaileak kontatzen duen hori eta sakonean gertatzen ari dena gurutzatzen dira irakurketan, eta hala, gehienetan, bien artean sortzen den tentsioaren bidez sakontasuna eta interesa lortzen dute kontakizunek, ipuingintzan irakurlearen arreta sostengatzeko ohikoa den eran.