Muxikako BI-635 errepidea erabat berrantolatu eta segurtasuna bermatzeko 11,8 milioi euroko plana onartu dau Aldundiak

Muxikako bide-segurtasuna erabat hobetuko dauen Bide Plan Berezia onartu dau Bizkaiko Foru Aldundiak. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak bultzatutako esku-hartze honek 11,8 milioi euroko aurrekontua izango dau, eta BI-635 errepideko Zugaztieta eta Oka arteko tartea eraldatzea du helburu, trazadura egokituz eta Ariatza eta Oka auzoak lotuko dabezan oinezkoentzako ibilbide seguru bat eraikiz. Plan honen behin betiko onarpena datorren uztailaren 9an argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan kokatzen dan 2,12 kilometroko igarobide estrategiko honetan lanak abiarazi ahal izateko.

Gogoan izan behar da Muxikako 1.500 biztanle inguruk urteak daroiezela errepidea oso arriskutsua dela salatzen, udalerria bitan banatzen dauelako. “Istripu gehiagorik ez Muxikan!” lelopean, herritarrak oinez eta bizikletaz mobilizatu ziren egunero 20.000 ibilgailu abiadura handian ibiltzen diren bidearen aurrean premiazko konponbideak eskatzeko.

Eskualdeko ardatz nagusietako bat izan arren, Amorebieta-Etxano eta Gernika lotzen daabezan errepide honek baldintza fisiko eta geometriko zorrotzak daukaz gaur egun, hala nola erradio txikiko bihurguneak, malda handiak eta Bilbo-Bermeo trenbidearen zein Oka ibaiaren hurbiltasuna. Horrez gain, etxebizitza eta jarduera ekonomikoetarako sarbide ugariek tokiko mugimenduen eta igarotze-trafikoaren arteko interferentziak sortzen dabez, eta oinezko zein txirrindularien presentziak arrisku-egoerak areagotzen dauz. Proiektuak ez du ahalmen handiko azpiegitura barri bat sortuko, lehendik dagoen errepidea seguruagoa eta irakurterrazagoa egitea baino, sarbideak berrantolatuz, ikuspena hobetuz eta drainatze-sistemak indartuz.

Proiektuaren alderdirik azpimarragarrienetako bat errepidearen eskuinaldean, Muxikarako norabidean, egingo dan oinezkoentzako bidea da. Azpiegitura honek auzoen arteko konexio segurua bermatuko dau, autobus-geltokietarako sarbidea erraztuko du eta errepideak gaur egun eragiten dauen hesi-efektua gutxituko dau. Ingurumen-izapidetzea konplexua izan da, 2019an hasitako prozesu honek Urdaibaiko Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planera eta Ibai Sarearen KBEaren eskakizunetara egokitu behar izan duelako; horregatik, inpaktu handiko lanak baztertu eta ingurunearekin bateragarria den irtenbide proportzionatu eta jasangarri baten alde egin da.

Behin betiko onespen honekin, Bizkaiko Foru Aldundiak eraikuntza-proiektua idazteari eta izapidetzeari ekingo dautso, prozesu hau 2026 eta 2027 urteen artean garatzea aurreikusiz. Plangintzaren arabera, obrak 2028an hasiko dira eta esku-hartze osoa 2030erako amaituko da, Muxikako bizilagunen eta errepideko erabiltzaileen segurtasunerako ezinbestekoa den hobekuntza gauzatuz.