Guzan herri plataformeak hamaika urteko ibilbidea ospatuko dau Bermeon udako ekitaldi ziklo bategaz

Bermeoko Guzan herri plataforma independenteak hamaika urte bete dauz herrigintzan, auzolanean eta udal politikan lanean aritu ostean. Denbora tarte honetan, zortzi urte oposizinoan eta azken hirurak udal gobernuan emon eta gero, plataformako kideek, hautesleek eta laguntzaileek euren ibilbidea gogoratu eta etorkizuneko erronkei begira jarri nahi dabe. Urteurren esanguratsu hau ospatzeko eta herritarrak aktibatzeko, udako ekitaldi ziklo berezi bat antolatu dabe herrian zehar.

Egitaraua gaur bertan, uztailak 16, arratsaldeko zazpietan abiatuko da Gaztelugatxe zentroan, Areilza kaleko 4. zenbakian. Lehenengo hitzordu honetan berrikuntza eta parte-hartzea udal politikan izango ditue hizpide, Asier Amezaga (Komunikatik) eta Miren Gabantxo-Uriagerekaren eskutik. Tokiko kudeaketari lotutako hausnarketek jarraipena izango dabe uztailaren 27an, eguenean, eguerdiko hamabi herretan leku berean, Edurne Magrok (Orkestra) eta Maite Caruezo Ugaldek tokiko ekonomia garatzeko estrategiei buruz berba egingo daben saioagaz.

Abuztuan sartuta, herritarrentzat estrategikoak diran gai sozialak jorratuko dira herrian. Abuztuaren 3an, astelehena, arratsaldeko zazpietan, etxebizitzaren arazoaren konponbideak aztertuko dabez Beko Portalean (Mokoneko aldatsa), Javier Burónek (Nafarroako Gobernua) eta Xabi Ortuzarrek eskainitako saioan. Amaiera bikaina emoteko, abuztuaren 8an, zapatuan, eguerdiko hamabietan, “2015-2026 Hamaika urte Guzanda izan da” topaketa nagusia egingo dabe Talan, plataformako kide guztiakaz batera hamaika urteko bizipen horreek guztiak ospatu eta Bermeoren alde egiten jarraitzeko indarrak batzeko.