Nerea Mendizabal

Psikologoa

Norbere lasaitasuna kudeatzen

Gure hainbat aspektu aldatzea gustatuko balitzaiguke ere, enpeinu izugarria jartzen dugu besteak edo egoerak aldatu nahian. Zenbat ordu, egun, urte daramatzagu geure ama/aita, bikotea, seme-alaba, lankidea, nagusia, laguna aldatu nahian? Zenbat gatazka, gaizki ulertu, min eta urrutiratze izan ditugu besteak ez direlako ari iruditzen zaigun moduan? Batzuetan, bestearen hobe beharrez dela justifikatu ohi dugu, baina kasu hauetan ere, zintzoki begiratzen badugu, horrek guregan ekarriko duen lasaitasun, segurtasun edo konfiantzak bultzatu gaitzake.

Gure lasaitasun eta ongizatea besteen jokaeren menpe utzi ohi dugu. Semea-alabak ez lukete beraien arten liskarrean ibili beharko, nire onetik ateratzen naute! Bikoteak etxeko martxarekin gehiago inplikatu beharko luke; lagunak egunetan ez dit wassap-ez erantzuten; edo lankideek ez badute bere lana ondo egiten, nik ezin dut nirea ongi bete! Guzti hau lortu beharko genukeela pentsatzeak lasaitzen gaitu? Bibrazio on batean jartzen gaitu? Normalean horrek gehiago sutzen gaitu, ezta?

Zerk lagundu gaitzake egonezina sortarazten didaten momentuak lasaitasunez eramaten? Sarritan bestearen egoera emozionalarekin kutsatzea erraza gertatzen zaigu. Kasu hauetan, zer egin dezaket ni neu babesteko edo kutsatzen banaiz, hori neutralizatzeaz ni neu arduratzeko? Gure lasaitasunaren kudeaketan, norberak kudeatzeko erramintak praktikan jartzea premiazkoa dela esango nuke, gure emozioen kudeaketa osasuntsu bat izan dezagun. Besteak haserre, frustratuta, egonezinez beteta daudenean edo behin eta berriz eskatuagatik egoerak berdin jarraitzen duenean, norbere zentroan mantendu edo zentrora bideratzen lagunduko gaituzten estrategiak geureganatzea lehentasunezko kontua dela iruditzen zait.

Baina kontuz! Edozer gauza pasata ere pazientzia eta kalmaz beteta egotea lortu behar dugula ulertu dezakegu eta beraz, ez dugula estutu, haserretu edo mindu behar. Gauzak eragin egingo digute eta ondo dago. Gizakiak gara eta sentitu egiten dugu. Orain, bakoitzak bere erritmoan, sentitzen dugun horrekin, zer egin nahi dugu? Norbere esku duguna izango da honen aurrean hartzen dugun bidea: besteari errua bota, biktima paperean geratu, kanpoko egoera aldatzearen zain geratu edo sentitzen dugun horrekin eraiki nahi dugun bidea egiten jarri.

Azkenengo hau hartzea erabakitzen badugu, ziur bizipena oso desberdina izango dela. Horrela esanda, batzuentzat topiko bat izan daiteke baina hau lantzea lortzen dugunean, egoera ez bada aldatu, berdin jarraitzen badu ere, gu aldatu gara. Gure zentroan edo baldintzarik onenetan jarriz, abiapuntu berri bat izango dugu. Hemendik, nahi izan ez gero, ikusi dezakegu besteari zer gertatzen ote zaion; zer behar izan dezakeen eta hori zaindu nahi edo ahal dudan, nirea beste momentu baterako utzi dezakedan edo muga jartzea komeni zaidan.

Baina guzti hau ez da etorriko ni baldintzarik onenean ez banaiz aurkitzen. Ezta, baldintzarik onenean nagoenean ere, hauek zeharkatzeko martxan jartzen ez banaiz.