Gere
Gere/2026
Iñaki Gereñu (Peachy Joke) eta Lander Zalakain (Belako) elkartzen dituen Gere taldeak ‘23.556’ izenburuko lehenbiziko disko luzea argitaratu du, elektronika zinematografikoaren, pop sintetikoaren eta melankolia dantzagarriaren artean mugitzen den lana, Bidean Produkzioak ekoiztetxetik jakinarazi dutenez.
Diskoak hamar abestiren bidez eraikitzen du taldearen unibertsoa: “gaueko argiez jantzitako paisaia distopiko eta nostalgikoetara daraman bidaia emozionala”. “Barruko zauriak eta maitasuna uztartzen dituen atmosfera hotz eta emozio gordinen artean”, bikoteak identitate propioa sortu du euskarazko musikaren barruan.
Daft Punk, Chromatics, Kavinsky edo Vangelis bezalako erreferentzien oihartzunak antzeman daitezkeen arren, ‘23.556’ diskoa “ez da nostalgia ariketa bat, gaur egungo begiradatik eraikitako unibertso propioa baizik”.
Diskoa Hans Krügerrekin batera ekoitzi eta grabatu da Montreal Studios estudioetan (Subiza, Nafarroa), eta zuzenekoan “proposamen bisual indartsu batekin” defendatuko du Gerek: neoiezko argiez eraikitako eszenografia, sintetizadoreak, gitarra, bateria akustikoa eta zuzeneko elektronika uztartuz.
Dagoeneko plataforma guztietan entzun daiteke Iñaki Gereñu eta Lander Zalakain tolosarrek osatzen duten proiektuaren lehen lan luzea.