Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek amaiera bikaina emon deutsie lehenengoz elkarlanean eta Lanbideren laguntzagaz martxan jarritako laneratze-proiektuari. Otsailetik joan den astera bitartean, 34 herritarrek prestakuntza, orientazioa eta sei hilabeteko lan-kontratua jaso dabe tokiko administrazioetan lan-esperientzia eskuratzeko eta gaitasunak hobetzeko.
Aitortza ekitaldia prentsaurreko bidez egin dabe Dolariaga kaleko karkaban egindako mural ikusgarriaren aurrean. Bertan, udal bakoitzeko ordezkariek eskerrak emon eta oparitxo bat helarazi deutsie parte-hartzaileei “Zuen lana, gure herrirako bikaina” mezuagaz. Guztira 600.000 euro inguruko aurrekontua izan dau egitasmoak, eta balorazioa oso positiboa izan da.
Hiru lan-alor nagusi udalerrien beharrei erantzuteko
Parte-hartzaileek herrien mesedetan jardun dabe hiru esparru nagusitan banatuta:
-
Igeltserotza eta bide-seinaleztapena: Bermeon Ametzaga eraikina berreskuratzeko lanetan (etorkizuneko Gaztelekurako) eta Kurtzio zein Tala inguruetan aritu dira. Mundakan herriguneko eta landa-auzoetako hainbat gune egokitu dabe. Sukarrietan, berriz, hilerriko hormak garbitu, Eleizbide kaleko galtzadarria konpondu eta irisgarritasuna hobetzeko bolardo zein seinaleak jarri dabez.
-
Lorezaintza eta margoketa: Bermeoko Alde Zaharreko eta anbulatorio inguruko berdeguneak zaintzeaz gain, Sukarrietan Txatxarramendi uharteko plazatxoa eta tuneleko horma-irudia berreskuratu dabez. Mundakan ere auzoetako inguru berdeak egoera ederrean lagatzeko lan handia egin dabe.
-
Udal-artxiboen digitalizazioa: Hamar langile aritu dira hiru herrietako artxiboak modernizatzen. Bermeon funts historikoak digitalizatu eta OCR bidez berrantolatu dabez; Mundakan eta Sukarrietan dokumentazio ugariren garbiketa eta digitalizazioa gauzatu dabe.
Ekimena mugarria izan da Busturialdeko hiru udal hauen arteko lankidetzan, enplegua sustatu eta, bide batez, herritarren eguneroko bizitza hobetzen daben proiektuak gauzatu ahal izan direlako.



