Busturiko historia eta ohiturak pantaila handira eroango dabez ‘Urtaroen kresala’ ikus-entzunezkoagaz

Busturiko Udalak bultzatuta eta Labayru Fundazioak ekoiztuta, herriko memoria kolektiboa eta gaur egun bizirik dagoen ondare immateriala berreskuratzeko egitasmoa aurkeztuko dabe datorren ostiralean, urriaren 30ean, 19:00etan Altamirako Kultur Etxean. Ekitaldia Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da.

Ikus-entzunezkoak herritarren testigantzak biltzen dauz, adinekoen zein hainbat herritarren ahotsak ardatz hartuta. Urte sasoi desberdinetako lanak, ohiturak, kantak eta ospakizunak biltzen dira dokumentalean: neguko zein udako Ohiturak, hala nola Marijesiak, Olentzero, Ogi Salutadorea, Kandelario, San Blas, Santa Ageda edo sanjuanak, besteak beste.

Ahalegin honen helburu nagusia herriko herri-jakintza eta kultura-ondarea belaunaldi barriei transmititzea da. Nahiz eta ohitura batzuk denboragaz zimeldu diren, beste askok oraindik ere indartsu jarraitzen dabe Busturiko etxe, solo eta oroimenetan. Aurkezpenean Busturiko Udaleko ordezkariak eta Akaitze Kamiruaga Labayru Fundazioko kidea egongo dira.