IRAGAN ATERGABEA

Azken lana argitaratu zuenetik bost urtera, Iragan atergabea liburua plazaratu dau Julen Belamuno idazle azpeitiarrak.

Laugarren liburua du Belamunok Ukabilak eta loreak (2015, ipuinak), Gaueko zaintzailearen (2016, eleberria) eta Hotz industrialaren (2000, ipuinak) ondotik. Horrenbestez, hiru ipuin bilduma eta eleberria ditu argitaratuta, oraingoz.

Plazaratu berri duen liburuan zazpi istorio bildu ditu egileak, denak, era batera edo bestera, iraganari lotuak. Kapituluak independenteak diren arren eta pertsonaiek elkarrekin zerikusirik ez eduki arren, gaien aldetik badago “late motiv bat”: iragana.

Belamunoren hitzetan, “iraganaren emaitza gara”, eta hori da liburuari “batasuna ematen dion ideia”.

Besteak beste, “herriko kintoen artean bizirik segitzen duten azken bi lagunen artean sortzen den lehia sorra; semearen zaintza kendu zioten emakume toxikomanoak biloba topatu zuenekoa; bainuetxeko ustezko baretasunean pizturiko gorroto gorria edo kondesa baten jauregiko jardinean bizi den anakoretak inguruan biltzen duen jendetza” aurkituko ditu irakurleak Belamunoren azken lanean. “Istorio errealista bezain misteriozkoak” bildu ditu idazleak ipuin liburuan, “bitxiak baina sinesgarriak, hurbilak eta aldi berean harrigarriak, estilista bikainenek bakarrik dezaketen idazkera batez onduak: dotore eta patxadatsu, noiz zirtolari noiz hausnartzaile, zehatz bezain iradokitzaile”.

Belamunok aurkezpenean azaldu zuenez, azken lan honetan garrantzi handiagoa dute pertsonaiek istorioetan gertatzen denak baino. Modu horretan, irakurketa mantsoagoa proposatzen dio irakurleari, “gaur egungo ekintza askoko literatura egiteko joera” albo batera utzita.