Aixerrotaperen Oiz Erronkak Roberto Laiseka omenduko dau bere XVI. edizioan

Busturialdeko txirrindularitzak badauka hitzordu nagusi bat aurten be: Aixerrotape Martxa Zikloturistea. Datorren ekainaren 13an izango da proba, eta Gernikan aurkeztu daben moduen, gogotsu dator 16. edizio hau. Dagoeneko 600 lagun baino gehiagok emon dabe izena.

Aipatzekoa da aurten emakumeen parte-hartzeak gora egin dauela: 100 emakume inguru egongo dira urteeran, alkarteak berdintasunaren alde egin dauen lanaren erakusgarri.

Hiru erronka Urdaibairen bihotzean

Txirrindulari bakotxak bere mailara egokitutako hiru ibilbide aukeratu ahal izango dauz:

Urdaibai Gozatu (72 km): Inguruneaz lasaitasunez gozatu gura dabenentzat.

Bizkaiko Kostaldea (128 km): Paisaia politak eta exigentzia ertaina.

Oiz Erronka (163 km): Probarik gogorrena, mendate esanguratsuakaz eta sasoiko dagozanentzat.

Aurten, hunkigarriena Roberto Laiseka txirrindulari ohiaren omenaldia izango da. Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan garaipen handiak lortutakoa gurean eukitea harrotasuna da Aixerrotaperentzat.

Bestalde, aurtengo edizioak aro barri baten hasierea markatzen dau. Zuzendaritza barria dago, klubeko bazkide gazteek hartu dabelako antolakuntzaren ardurea. Segurtasuna eta jasangarritasuna izango dabe iparrorratz. Gainera, babesle indartsuak batu dira, Nissan Blendio Kalauto eta Rural Kutxa buru dirala, herriko hainbat dendagaz batera: Toki Alai jatetxea, ORBA, Gernika Gimnasioa eta Adaba Fisioterapia.