Gernika-Lumoko Udala eta Gernika Gogoratuz alkartearen eskutik, Gernikako Nazioarteko XXXVI. Kultura eta Bake Jardunaldiak martxan jarriko dira aurten be.
2026ko apirilaren 23tik 26ra bitartean, hiribilduak bonbardaketearen 89. urteurrena gogoratuko dau, memoria eta gaur egungo erronkak buztartuz. Aurten, saioek “Etorkizun ekosoziala. Aldaketarako estrategiak” dabe izenburutzat, Urdaibai eskualdean garatzen ari diran prozesu parte-hartzaileak eta ikerketak ezagutzera emoteko helburuagaz.
Eskualdearen oraina eta geroa aztergai
Jardunaldiei hasierea emoteko, gaur, apirilaren 23an, osteguna, saio irekia egingo da Elai Alai aretoan arratsaldeko 17:45etik aurrera. Lehenengo mahai-inguruan, “Busturialdea-Urdaibaigintzan” gaia jorratuko dabe Jokin Alberdi (EHU eta Gernika Gogoratuz), Ugaitz Gaztelu (EHU eta View arkitektura) eta Eider Gotxi (Guggenheim Urdaibai Stop Plataforma) hizlariek. Ondoren, 19:00etan, Ramon Zallok eskualdeari egindako ekarpenak gogoratuko ditue Alfonso Duboisek, Pedro Ibarrak eta María Oiangurenek. Saio guztietarako sarrerea doakoa izango da.
Bake Sariak eta oroimen ekitaldiak
Urteurreneko ekitaldi nagusiak apirilaren 26an ospatuko dira. Eguerdiko 12:00etan, Lizeo Antzokian, XXI. Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariak banatuko dira. 2026ko saridunak Global Sumud Flotilla (Gazako herriari laguntzeko nazioarteko ekimena) eta Armenia eta Azerbaijanen arteko bake akordioa izango dira; azken honen izenean, Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroa eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea etorriko dira Gernikara.
Arratsaldean, urteroko legez, herriak bere historia gogoratuko dau: 15:45ean sirena hotsak entzungo dira “4 Minutu Ekimenagaz”, eta 16:30ean lore eskaintza egingo da Zalloko hilerrian, bonbardaketan bizia galdu ebenen omenez.





