Busturiako Udalak, jorrailaren 29an egindako azken osoko bilkuran, bizitegi-eraikinetako beheko solairuetan dagozan lokalak etxebizitza bihurtzea baimentzen dauen ordenantzea onartu dau. Gobernu-taldeak bultzatutako ekimen honen helburu nagusia herrian etxebizitza-eskaintza handitzea eta herritarrei, batez be gazteei, etxebizitza eskuratzeko aukerak erraztea da. Prozesu honi bultzada emoteko, 2025ean kontsulta publiko bat egin zan herritarren eretxiak eta ekarpenak jasotzeko.
“Neurri honegaz lokal hutsen arazoari eta etxebizitza barrien beharrari erantzun gura deutsogu, espazio horien erabilera egungo beharretara egokituz”, azaldu dau Aitor Aretxaga Busturiko alkateak. Alkateak azpimarratu dauenez, udalak jakin badaki zein zaila dan etxebizitza lortzea, bereziki euren bizi-proiektua herrian garatu gura daben gazteen artean: “Udalerriaren arduradun garen aldetik, Busturiaren garapenerako eskura doguzan legezko aukera guztiak aztertu behar doguz, eta etxebizitza-arazoari aurre egitea funtsezko faktorea da”.
Etxebizitza babestuaren araubide juridikoa eta baldintzak
Ordenantzako erizpideak beteten dauzan lokal baten edozein jaubek sustau ahal izango dau birmoldaketa. Sortzen diran etxebizitza barri honeek udalaren araubide tasauko babes publikoko etxebizitzak izango dira betirako, eta ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabili beharko dira, jabetzan zein errentamendu-erregimenean.
- Etxebizitza honeek erosi edo alokatu gura daben pertsonek baldintza zehatz batzuk bete beharko dabez esleipen-prozeduran:
- Busturian erroldatuta egotea, gutxienez hiru urteko antzinakotasunagaz.
- Jabetzan beste etxebizitza bizigarririk ez izatea.
- Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan (Etxebide) izena emanda egotea.
- Babes publikoko etxebizitzak esleitzeko ezarrita dagozan gutxieneko eta gehieneko diru-sarreren araudia betetzea.
Hala ere, salbuespen batzuk egongo dira. Alde batetik, 65 urtetik gorakoek edo mugikortasun murriztu iraunkorra dabenek (baita euren kargura gurasoekin bizi diran seme-alabek be) etxebizitzak eskuratu ahal izango dabez, nahiz eta beste baten jabe izan, baldin eta euren gaur egungo etxeak irisgarritasun-baldintza teknikoak beteten ez badauz. Bestalde, ordenantza hau indarrean jarri baino hiru urte lehenago lokalaren jabe zirenek edo etxebizitza herrentza bidez jasotzen dabenek ez dabe errolda edo diru-sarrera baldintza horreek bete beharrik izango euren kabuz erabiltzeko.
Bizigarritasun baldintza zorrotzak eta uri-irudia
Birmoldaketatik sortutako etxebizitza barriek bizigarritasun-berme tekniko guztiak bete beharko dabez. Besteak beste, argiztapen eta aireztapen egokia, isolamendu akustikoa, pribatutasuna, segurtasuna, ke-hustuketa eta instalazio termiko egokiak bermatu beharko dituzte, betiere eraikinaren kanpoko estetika errespetatuz.
Udalaren ustez, neurri honek lurzoru barria okupatu gura barik etxebizitza kopurua handitzea dakar, eta aldi berean, erabili gura ez diran lokalen jabeei irtenbide bat eskaintzen deutse. “Helburua da itxita dagozan eta merkataritza-establezimendu gisa potentzialik ez daben lokal horreek etxebizitza bihurtzea, herrian bertan prezio eskuragarriak lortzeko”, amaitu dau Aitor Aretxagak.





