Datorren domekan, maiatzak 17, Bermeo euskal kulturaren hiriburu bihurtuko da. Aurten, gainera, jaiak kutsu berezia dauka: Alkartasuna Dantza Taldeak 50 urte betetzen dauzala-eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak gure herria aukeratu dau Bizkaiko Dantzari Eguna ospatzeko.
Ehunka dantzari eta milaka bisitari batuko dira Lameran tradizioz, musikaz eta dantzaz jositako egun handi baten. Guztira hirurogeita hamar talde inguru etorriko dira Bizkaia osotik euren trebetasuna erakustera. Nadia Nemeh Shomaly alkateak adierazi dauenez, “ohore handia” da Bermeorentzat ekitaldi hau hirugarren biderrez hartzea, euskal dantzak “gure herriaren arima” diralako.
Alkartasuna taldearen mende erdiko lana be goraipatu dau, herriaren nortasuna sendotzen laguntzeagaitik.
Trafikoan aldaketak eta oharrak
Jente asko etortzea itxaroten denez, Udalak hainbat neurri hartu dauz segurtasuna bermatzeko:
Bizkaibus: Geltoki guztiak Santamañe kalera aldatuko dira domekan.
Zirkulazioa: Artzako bidegurutzetik Lamera eta Portuzarra itxita egongo dira 10:00etatik 18:00etara.
Aparkalekuak: Autobusentzat gordeko dira Landabaso eta Atalde kale inguruak. Horrez gain Azokako eta futbol zelaiko aparkalekuak ere erabil ahal izango dira.





