Bermeok harrera beroa egin deutse “Gaztemunduri ateak ireki” programako diasporako gazteei

Bermeoko herriak euskal diasporako gazte talde berezi baten bisita jaso dau asteburu honetan. Eusko Jaurlaritzako Kanpoan dan Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak eta Batzen Kultur Elkarteak bultzatutako “Gaztemunduri ateak ireki” programako partaideak izan dira bertan, euren sustraiak sakonago ezagutzeko helburuagaz. Bisitako unerik hunkigarrienetako bat Santa Eufemia elizaren aurrean bizi izan dabe, bertan familia-argazki ederra atera baitzuen tradizio handiko txoko honetan.

Aurten indarrak batu dabez hogeita hamar urte bete diabezan Gazte Mundu programak eta hiru urteko ibilbidea daukan Ateak ireki ekimenak. Elkarlan honi esker, Estatu Batuetatik eta Kanadatik etorritako 25 gazte Goierri inguruan dabiltzan bitartean, Argentina, Uruguai eta Australiako beste 28 gazte Bizkaian zehar dagoz, gehienbat Urdaibai eskualde ederrean ostatu hartuta. Azken talde hau izan da, hain zuzen ere, itsasorako begirada eta arrantzale kutsu sakona daukan Bermeoko hiribildua bisitatu dauena.

“Gaztemunduri ateak ireki” ekimena 1996an sortu zan eta harrezkero 800 gazte baino gehiagok parte hartu dabe euskal etxeetatik bideratutako deialdietan. Urtero, batez beste, 26 gazte inguruk jasotzen dabe bi asteko prestakuntza trinkoa, gai desberdinak jorratuz (gastronomia, dantza, euskal musika-tresnak edota kultur kudeaketa) eta Euskal Herriko txokorik esanguratsuenak bisitatuz. Ekainaren 27tik uztailaren 19ra luzatuko dan aurtengo edizio honek herririk herriko harremanak estutzeko balio izan dau berriro ere.