Bermeok prest dauka datorren asteburuan ospatuko dan Arrain Azoka

Bermeok prest dauka XXXII. Arrain Azoka, maiatzaren 22tik 24ra bitartean herriko kale eta gune nagusiak itsasoari lotutako tradizioz, kulturaz eta zaporez betetzeko. Urtez urte sendotu den hitzordu honek itsasoa eta arrantzaleen lana omendu nahi dauz, baina, aurten bereziki, itsasoaren zaintzaren eta jasangarritasunaren mezua lehen lerrora ekarriko dau “Itsasoa zaindu, bizia dastatu” aurtengo leloari jarraituz. Ideia hori bera islatu nahi izan da kartel ofizialean eta baita Arrigurik egindako bideoan ere, belaunaldien arteko transmisioa, zaintza eta etorkizunarekiko ardura irudikatuz ume bat heldu baten sorbaldan erakusten dauen irudiaren bidez. Gastronomiak azken urteotan protagonismo handiagoa hartu badau ere, aurtengo edizioan arrantzaren inguruko kontzientzia eta konpromisoa berreskuratu nahi izan dira, azokaren ardatz nagusietako bat bihurtuz.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azpimarratu dau Arrain Azoka herriko ekitaldi nagusietako bat eta produktuen, kulturaren zein nortasunaren erakusleiho onena dela. Azokan 20 erakustoki egongo dira enpresa eta erakundeen produktuak dastatu eta erosteko, eta aurten tokiko artisauentzako lekua ere egongo da. Arrain mundua gertutik ezagutzeko aukera zabala eskainiko da hiru egunetan zehar ordutegi jarraituarekin, barikuan eta zapatuan 11:00etatik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara. Gainera, alkateak gogorarazi dau aurtengo XXIX. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika Eskolak jasoko dauela azken 50 urteotan arrantza munduan egindako prestakuntza ekarpenagatik, eta sari banaketa maiatzaren 22ko inaugurazio ekitaldian egingo da.

Maite Caruezo Ugalde Garapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu dauenez, programazioak berrikuntza ugari izango dauz ohiko jarduerekin batera. Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programak protagonismo berezia izango dau tailer eta esperientzia didaktikoekin. Bariku goizean Bermeoko ikastetxeekin “Itsasoko laborategia” tailerra egingo da uraren osasuna aztertzeko, eta zapatu zein domekan familien txanda izango da “Itsaso osasuntsu baten zentzumenak” jarduerarekin. Horrez gain, Nestor Basterretxea aretoan “Itsasoaren Sekretuak Azterkostaren” erakusketa egongo da ikusgai data eta ordutegi ezberdinetan. Beste berritasun nagusi bat “Pop-up Kresaltsua” gunea izango da, bertoko zortzi artisauren sorkuntza bereziekin tokiko talentua eta hurbileko merkataritza balioan jartzeko.

Arrain Azokaren bihotza herriko taldeak eta eguneroko klasikoak izango dira. Bermeo Tuna World Capitalek dastaketa bereziak antolatu dauz Lamerako karpa handian Urdaibaiko txakolinarekin eta atun zein hegaluze pintxoekin, eta tiketak ia salduta dagoz dagoeneko. Urteroko jarduera klasikoak ere ez dira faltako, hala nola arrain salmenta itxurak, simulatzaile bisitak, itsasontzi urteerak eta Arrantzaleen Museorako doako sarrera. Herriko kirol eta kultur taldeek, fanfarreek, dantza taldeek, danborradek eta erraldoiek kaleak girotuko dabez, eta zesta zein pilota partidak ere egongo dira herriko tradizioa indartuz.

Elkartasunak ere leku berezia izango dau Lamerako karpako Solidaritza Gunean, non marmitakoa eta hegaluze errea dastatu ahal izango diren boluntarioen laguntzari esker. Bildutako dirua Bermeoko 6 eta 12 urte arteko umeen tratamenduetara bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dabezan beharrei erantzuteko, eta etxera janaria eraman nahi dabenei ontzi propioa ekartzeko eskatu jake.

Azkenik, ingurumenarekiko eta segurtasunarekiko ardura eskatuz, zirkulazioa murriztu egingo da gune nagusietan eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin da. Era berean, norberaren poltsak erabiltzea eta herria garbi mantentzea eskatu da, Turismo Bulegoan lehen sorospen zerbitzua eta zapatuan Portuzarran Puntu Morea egongo direla gogoraraziz. BBK-ko Ingurumen arloko arduradun Ainhoa Elortegik ere tradizio honeen balioa eta sasoiko produktuekiko errespetua azpimarratu dauz, eta alkateak herritar zein bisitari guztiak gonbidatu dauz parte hartzera eta www.bizibermeo.eus webgunean programa osoa jarraitzera.