Bermeoko itsas eta arrantza ikasketetako ikasleek Eusko Jaurlaritzaren beka barriak jaso ahal izango dabez

Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan onartu dau 2025-2026 ikasturtean itsas arrantza arloko ikasketak egiteko beken deialdi barria. Laguntza hauek zuzen-zuzenean eragingo dautse Bermeoko Nautika eta Arrantzako CIFP ikastetxeko ikasleei, Pasaiako Blas de Lezo eta Ondarroako Antigua Ama zentroetakoekin batera. Erabaki honegaz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 132.076 euro bideratuko ditu guztira herriko zein eskualdeko gazteek sektore estrategiko honetan ikasbidea jarraitzeko.

Bermeo bezalako kostaldeko herri baten sustrai ekonomiko, sozial eta kulturalak arrantzari lotuta dagoz, eta beka hauen helburu nagusia sektorearen belaunaldi-erreleboa eta etorkizuna bermatzea da. Laguntzek gehienez 2.404,05 euroko zenbatekoa izango dabe onuradun bakoitzeko. Diru-laguntza hau ikasketak sortutako gastuak ordaintzeko erabili ahal izango da; esate baterako, ohiko bizilekutik kanpoko egonaldia, ikastetxerako joan-etorriak, mantenua eta ikasmateriala erosteko.

Euskadiko itsas arrantza irakaskuntzako ikastetxeetan matrikulatuta dagozen eta baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek eskatu ahal izango dabe laguntza. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Tramiteak egiteko orduan, interesatuek eskaerak aurrez aurre zein modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez.