Bermeoko Udalak dei egin deutse herritar guztiei 2026ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jai-liburua aberasteko asmoagaz.
Ekimen honen helburua gure kulturea, tradizinoak eta jakintzea sustatzea da, herriko sortzaileei euren lanak argitaratzeko aukerea emonez. Lan guztiak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 26an, eguerdiko 14:00etan amaituko da.
Deialdi honetan 15 urtetik gorako edozeinek hartu leike parte, eta bakotxak gehienez lan bi aurkeztu ahal izango ditu. Gaiak askotarikoak izan leitekez, beti be Bermeogaz edo bermeotarragaz loturea badabe: Kondairak eta istorioak (benetakoak zein asmauak); Efemerideak eta kultur adierazpenak edota antropologia, historia, hizkuntzea, artea edo musikea.
Gogoratu behar da ez dala onartuko iritzi artikulurik.
Lanen formatua eta hizkuntzea
Idazlanek originalak eta argitaratu bakoak izan behar dabe, eta gehienez 9.000 karaktere eduki ahal ditue. Euskaraz idatzitako testuek lehentasuna eukiko dabe, jai-liburuko eduki nagusia gure hizkuntzan argitaratuko da-eta.
Lan bakotxak bere izenburua izan behar dau eta derrigorrezkoa da eskaera-inprimakia beteta aurkeztea (IN-E 291/02-22 edo IN-G 291/02-22). Argitaratzerakoan, egilearen izen-abizenak eta lanaren izenburua agertuko dira.
Lanak paperean eta euskarri informatikoan (Word formatuan) entregatu behar dira. Bi bide dagoz horretarako: Aurrez aurre: Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8) eta internet bidez: Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez.
Balorazinoa eta asmoa
Udalak balio berezia emongo deutse ikuspegi inklusiboa, bardinzalea eta aniztasuna errespetetan daben lanei. Estereotipoak gainditzen dituen eta pertsona guztien duintasuna sustatzen daben idazlanak hobetsiko dira.
Bermeoko Udalak herritarrak animatu gura dauz euren ahotsa eta irudimena erabiltera. Istorio eta ikuspegi bakotxa beharrezkoa da herriko memoria kolektiboa ereiten jarraitzeko. Oinarri guztiak eta bete beharreko orriak Udalaren webguneko “Ekimenak” atalean daukazue eskura.





