Bermeoko Nautika Eskolak jasoko dau 2026ko Hegaluze Saria

Arrain Azoka elkarteak aho batez hartu dau erabakia: 2026ko XXIX. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika Eskolari emongo deutsie.

Sari honegaz, arrantza munduan prestakuntzak daukan garrantzia autortu gura dabe, eta, bereziki, eskolak azken 50 urteotan herrian egin dauen lan bikaina goraipatu. Izan be, arrantza sektorea lehiakorra izateko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da kalitatezko formakuntzea izatea; horretan, Nautika Eskolak herrian bertan eskaintzen dauen zerbitzua balio handikoa da, eskaintza anitza eta espezializatua bermatzen dauelako eta itsasoko lanbideak aukera profesional duin moduan kokatzen laguntzen dauelako.

Mende erdiko ibilbidean, eskarmentu handiko erakundea dala erakutsi dau eskolak, barritzeko eta egokitzeko gaitasunagaz. Gainera, bere izaera integratzaileagaitik nabarmendu da, herrialde askotako ikasleak hartuz eta askori bizi-proiektu barri bati ekiteko ateak zabalduz. Era berean, azpimarratzekoa da emakumeen presentzia modu naturalean bultzatu izana, tradizionalki gizonezkoena izan dan sektore baten aukera-berdintasuna sustatuz. Herriari lotutako erakundea izanik, beti erakutsi dau elkarlanerako jarrerea beste hezkuntza-eragile batzuekaz, komunitatea indartuz eta baliabideak konpartituz.

Arrain Azokagaz daukan loturea be estua izan da urteetan zehar, ekimen bereziak bultzatuz, esaterako Juan de la Cosa itsasontzi-ospitalaren bisitak. Zalantza barik, Bermeok arrantza munduan daukan ospea ereiten lagundu dau eskolak, bertan ikasitako profesionalak mundu osotik zabaldu baitira.

Hori guztia dala eta, bere 50. urteurrenean, une aproposa da merezitako autortza hau egiteko. Aurtengo Arrain Azoka maiatzaren 22tik 24ra ospatuko da, eta Hegaluze Saria maiatzaren 22an banatuko dabe, inaugurazino ekitaldiaren barruan, Bermeoko hitzordu garrantzitsuenari hasierea emonez.