Bermeoko Udalak garraio publikoa hobetzeko alegazioak aurkeztu dauz

Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako garraio publikoaren aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dautsez, azken hileotan dokumentua sakon aztertu eta herritarren beharrak kontuan hartu ostean.

Nadia Nemeh Shomaly alkateak azaldu dauen moduan, ezinbestekoa da herritarren ahotsa erdigunean jartzea garraioa antolatzerako orduan, eta horregatik proposamenak ibilbideak optimizatzera eta loturak hobetzera bideratu dira.

Lineaz linea, A3524 (Bermeo-Bakio) zerbitzuan neguko maiztasuna orduro izatea eta ibilgailu mota zehaztea eskatu dabe; A3527 (Bilbo-Bermeo) linean, barriz, jaiegunetan eta udan zerbitzua indartzea, azken autobusa 24:00ak arte luzatzea lanegunetan (eta Gautxoria 02:00ak arte), Mungian geldialdi barik joatea denborak laburtzeko, eta Plaza Eliptikoko pilaketak ekiditeko errefortzuak jartzea. EHUrako zerbitzuan (A3528), lehen orduko autobus zuzena, eguerdiko eskoletarako zerbitzu barria eta itzulerako autobus zuzen gehiago eskatu dabez, eta A3515 linean, Gernikako Ospitalean geldialdia egitea herritarren eskaerari erantzuteko.

Udalaren ustez, neurri honeek garraio publikoaren erabilera eta jasangarritasuna sustatuko dabe, eta herritarrak be animatu gura dabez euren alegazioak maiatzaren 22ra arte aurkeztera, Aldundiaren egoitza elektronikoan edo erregistro bulegoetan, denon artean zerbitzu eraginkor eta kalitatezkoa lortzeko.