Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) Talde Eragilea Busturian batu da 2025eko irailean onartutako planaren urteko lehen jarraipen-txostena aztertzeko. Bileran Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta eskualdeko udalerrietako ordezkariek hartu dabe parte, eta proiektu bultzatzaileak martxan jarri diren proiektuen barri emon dabe, planaren aurrerapen tekniko zein aurrekontuak azalduz.
Indarraldian hilabete gutxi batzuk baino ez dakarren arren, Plan Estrategikoak badauzkaz lehenengo emaitzak. Jarduketa gehienek aurrera egin dabe diseinu teknikoan, administratiboan eta aurrekontuetan, eta aldez aurreko lan honek 2026tik aurrera burutuko dan inbertsio-exekuzioaren faserako oinarri sendoak ezartzen dauz.
Gauzatutako proiektuak eta mugikortasuna
Dagoeneko amaituta dagozan ekimenen artean, aipatzekoa da Maier kooperatibaren I+G enpresa-unitatean (Maier Technology Center, MTC) egindako 2,5 milioi euroko inbertsioa. Honek eskualdeko industria-sarearen teknologia eta ikerketa gaitasuna indartuko dauz, automobilgintzarako osagai plastikoen arloan erreferentzia zentro legez finkatuz. Gainera, Bizkaibus sarean integratuta dagoen eta eskualdeko eskuinaldeko herrietan mikrobusen bidez eskaintzen dan eskariaren araberako garraio-zerbitzua be martxan dago. Era berean, Andrabideko harrobiaren egokitzapen lanak amaitu dituzte, erabili bako industria-gune hau erabilera barrietarako prest utziz eta bertako ekosistemak lehengoratuz.
Mugikortasunari eta konektibitateari dagokionez, Autzagane-Muxika errepideko Bide Plan Berezia eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurak idazten hasi dira. Bestalde, Muxika-Bermeo bidegorriari dagokionez, Gernika-Lumo eta Murueta arteko tartearen plangintzea osatu dabe, eta Muxika eta Gernika-Lumo arteko tarterako trazadura-aukera barriak aztertzen ari dira.
Etxebizitza, industria eta prestakuntza
Etxebizitzaren eta gizarte-kohesioaren esparruan, kolektibo zaurgarriei laguntzeko proiektua udalakaz harremanetan jarri da jarduketa zehatzak identifikatzeko, eta Errigoitiko etxebizitza publikoaren sustapena bideragarritasun fasean dago. Sustapen ekonomikoari eta prestakuntzari jagokonez, Barrutialde eta Nautika Eskola Lanbide Heziketako ikastetxeek azpiegitura beharrak zehaztu dauz eta lehenengo plegu teknikoak idazten hasi dira, 2026tik aurrera jarduketak lizitatu ahal izateko.
Garrantzi handiko beste egitasmo bat Muxikako industrialde barria da; aurreikuspenen arabera, 120 enpresa eta 1.500 lanpostu hartuko dauz gune honek, eta garatzeko beharrezkoak diran hirigintza-izapideetan aurrera pausoak emon dauz. INAMAren lurzatia, barriz, behin betiko erabilera zehaztuko daben administrazio-prozesuen zain dago oraindik. Bestalde, Bermeoko portuak bere azpiegiturak modernizatzen jarraitzen dau, eskualdean jarduera ekonomiko eta enplegu barriak sortuko dituen ekonomia urdineko polo indartsu bilakatzeko helburuagaz.
Ondarea eta etorkizuneko erronkak
Ondare natural, kultural eta historikoaren esparruan, Santa Klara komentuari, Foruko aztarnategi erromatarrari eta Santimamiñeko 3D proiekzioaren berrikuntzari lotutako proiektuak definizio teknikoko lanetan eta etorkizuneko erabileren azterketan murgilduta dagoz.
Lehenengo jarraipen-txosten honek erakusten dauenez, Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoak proiektuak aktibatzeko eta erakundeen arteko koordinaziorako lehen fasea ondo osatu dau. Lan kolektibo honi esker, 2026. urtea funtsezkoa izango da eskualdearen lehiakortasuna, gizarte-kohesioa, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea indartuko dituen jarduketak bizkortzeko.





