EHUN izeneko nortasun partekatu barria aurkeztu dabe Busturiko BBK Kliman, eskualdeko nekazaritza eta elikadura sektoreari indarra eta ikusgarritasuna emoteko asmoagaz.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbak bultzatutako proiektu hau sektoreko eragileen arteko partaidetza prozesu baten emaitza da, eta “EHUN – Bizitzaz josita” lelopean, barrutik eraikitako sare kolektibo bat lortu gura dau. Marka barri honek jasangarritasuna, hurbiltasuna eta kalitatea daukaz oinarritzat, eta sektore osoa batzen dauen aterki moduan funtzionatuko dau, ekoizpenetik hasi eta merkaturatzeraino.
EHUN ez da irudi huts bat, dagoeneko martxan dagozan proiektuak be batzen baititu; esaterako, jantoki kolektiboetarako sagar ekologikoa ekoizten dauen Fruituola ekimena, edota Jakigune, ekintzailetzarako eta sinergiak sortzeko gune fisikoa. Azken finean, egitasmo honen helburua lehen sektoreko beharginen lana balioan jartzea, belaunaldiarteko erreleboa sustatzea eta eskualdeko ekonomia zein ingurumena zaintzea da.





