Ekoetxea Urdaibaik erakusketa iraunkor barria inauguratu dau klima-aldaketaren zergaitiak eta ondorioak ezagutzera emoteko

Ingurumenaren Munduko Egunagaz bat eginez, Urdaibaiko Ekoetxeak erabat berritu dau bere erakusketa iraunkorra, “Klima aldaketa: hemen eta orain” izenburupean. Barikuan egindako inaugurazioan Josu Bilbao Ingurumen sailburuordea egon zen, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko zuzendariaregaz eta Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiagaz batera. Ekimen honen bidez, ezagutza zientifikoa murgiltze-esperientzia bihurtu nahi dabe, biodibertsitatea, lurraldea eta herritarren ekintza zuzena lotuz.

Bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, erakusketak arazoaren arrazoiak, bilakaera eta ondorioak aztertzen dauz gertutasunez eta era didaktikoan, bai mundu mailan eta baita gure ingurune hurbilean be. Datu zehatzei dagokionez, nabarmendu dabe Euskadik 15,8 milioi tona CO₂ baliokide isuri zituela 2024an (aurreko urtean baino % 1 gutxiago), eta helburua 2030erako murrizketa hori % 45eraino eroatea dela.

Zortzi urratseko ibilbidea eta Europako NOAA esferarik handiena

Erakusketa zortzi bloke tematikotan antolatuta dago. Hasteko, sarrera ikus-entzunezko bat egiten da eta ondoren planetaren historia klimatikoa aztertzen da, klimaren aldaketa naturalak eta gizakiak sortutako gaur egungo berotze azkarra bereiziz. Ibilbideko gunerik ikusgarriena “Klimaren planeta-ikuspegia. Planeta KLIMA 360” izeneko blokea da. Bertan, bisitariek klimak Lurrean dauen eragina 2,5 metroko diametroa dauen “NOAA Science On a Sphere” esfera erraldoi baten ikusi ahal izango dabe hiru dimentsiotan; gaur egun Europan dagoen esferarik handiena da eta AEBko NOAA agentzia zientifikoak diseinatu dau.

360º-ko proiekzio-tekniken bidez, esfera honek batez besteko tenperaturaren bilakaera, poloetako izotz-urtzea edo korronte ozeanikoak erakusten dauz. Jarraian, erakusketak klima-aldaketak Euskadiri nola eragiten deutson azaltzen dau (basoetan, kostaldean edo herrietan), arazoa urruneko kontua ez dela erakutsiz. Azken zatia ekintza klimatikoari eskainita dago, eta modulu interaktiboen zein joko murgiltzaileen bidez, bisitariek ikusi ahal izango dabe nola pertsona bakoitzaren erabakiek etorkizuneko egoerak aldatu ahal dabe.

Busturialdeko ingurumen-zentro hau Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxea sarearen parte da —Ihobe sozietate publikoak kudeatutakoa— eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatuta dagoenez, erakusketa barri honek herritarrak sentsibilizatzeko eta trantsizio klimatikoan inplikatzeko erreferentziazko gune moduan dauen indarra berresten dau.