Ereñok Australiara joandako euskal emigranteei egindako omenaldi jendetsu eta hunkigarria hartu dau

Estatu Batuetara, Mexikora edota Hego Amerikara joandako euskal emigrazioak leku handia bete izan dau gure historiaren orrialdeetan, baina askotan bigarren plano baten geratu dira munduari buelta emon eta antipodetara bidaiatu ebenak. Ahaztura hori zuzentzeko eta euskal-australiar komunitateari merezi dauen errekonozimendua emoteko asmoz, Euskal Australiar Alkarteak (EAA) bere urteroko topaketa eta bazkari ezaguna ospatu dau joan dan zapatuan, ekainaren 13an.

Ereñoko Arita Berri erretegian egindako ekitaldiak 180 pertsona batu zituen, senide, lagun eta bazkideen artean. Arratsaldeko momenturik bereziena 46 emigrante itzuliri egindako omenaldia izan zan; 1929 eta 1945 urteen artean jaiotakoak eta gehienbat Lea-Artibai zein Busturialdea eskualdeetakoak diranak. Omenaldi honen eta ostean egondako musika animazioaren bidez, alkarteak gaur egun Australian dagozan hiru euskal etxeak sortzen lagundu eban belaunaldi baten sakrifizioa eta bizi-esperientziak goraipatu gura izan ditu.

Errealitate hau hamarkadetan zehar oharkabean igaro den arren, itzulitako komunitateak indarrez antolatzea lortu dau azken urteotan, hain zuzen be 2018an EAA sortu zanetik. Geroztik, alkarteak topaketa egunak bultzatzeaz gain, ikerketa eta zabalkunde lan itzela egiten dau. Horren erakusgarri dira Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz Euskal Herriko eta diaspora osoko dozenaka herri bisitatu dituen «Basques in Australia» erakusketa ibiltari arrakastatsua, edota euskal-australiar gazteak Ateak Ireki – Gaztemundu programa ofizialean txertatu izana.

Deialdiaren arrakastaren ostean, antolatzaileek esker ona adierazi gura izan deutsie bertaratutako guztiei, horren egun hunkigarria elkarregaz bizi izana harrotasunez betetzen dituela azpimarratuz. Era berean, alkarteak gogorarazi dau Australiara emigratu eben eta euren berri oraindik emon ez daben pertsona guztien bilaketan jarraitzen dutela; taldera batzeko deia luzatu diete, komunitate aberats honen memoria berreskuratzen eta zabaltzen jarraitzeko.