Ereñoko Udalak bide-segurtasuna sendotu dau Elexalde-Zeeta auzoan

Ereñoko Udalak amaitu dauz Elexalde-Zeeta auzoan, Ereñone baserriaren ondoan dagoen udal bidea eta euste-horma egonkortzeko eta konpontzeko lanak. Eskualdean izandako euri-jasa handi eta etengabeek eragindako ur-orriek kalteak sortu zituzten bidean, eta esku-hartze honi esker, inguruko bizilagun eta erabiltzaileentzako zirkulazio seguruagoa eta egonkorragoa bermatzea lortu dabe.

Lan honeekaz bidearen egonkortasuna eta irisgarritasuna nabarmen hobetu dira. Kontuan hartu behar da bide honek garrantzi handiko konexioa eskaintzen dauela udalerrian, mendirako eta San Migel ermitarako sarbide nagusietako bat izateaz gain, inguruko baso-pistekin, baserriekin eta Ereñozarreko ermitarako bideagaz bat egiten dauelako. Lanek guztira 45.632 euroko inbertsioa (BEZa barne) suposatu dabe, eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzaketaren %80 babestu dau dirulaguntza baten bidez. Kalteak konpontzeko eskoilera bidezko euste-sistema barri bat exekutatu da, lehendik zegoen horma egituraz indartu dute, bide-zorua konpondu da eta drainatze-sistema hobetu dabe aurrerantzean urak kalte barririk eragin ez dezan.

Ager Lejarreta Ereñoko alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu dau: “Ereño bezalako herri txikietan, era honetako lanek oihartzun handia daukie auzotarren eguneroko bizitzan. Lan honi esker, orain sarbide seguruagoa eta egonkorragoa daukie, eguneroko mugikortasuna eta bidea erabiltzen dabezan segurtasuna hobetuz”. Alkateak jakinarazi dauanez, uda baino lehen segurtasun-bionda jarriko da gune horretan, abiadura moteltzeko seinaleakaz eta bi norabideetan jarriko diran bide-galtzadako badeneekin batera.

Azkenik, Lejarretak balioan jarri dau auzotarren beharrak entzuteko eta horiei erantzuteko konpromisoa, herritarren eguneroko segurtasunean zuzeneko eragina daukien eskari zehatzei erantzun egokia emonez. Era berean, Udalak landa-azpiegiturak eta auzo-bideak mantentzeko eta hobetzeko dauen konpromiso irmoa berretsi dau, horixe baita udalerriaren kohesioa eta bizi-kalitatea bermatzeko bide bakarra.