Errigoitik aurrera egin dau jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren aldeko apustuan

Errigoitiko EAJ-PNVk legealdi honetan ingurumen-jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren arloan egiten ari diran urratsak azpimarratu dauz, 2023ko hauteskunde-programan jasotako lehentasunei erantzunez.

Gobernu talde jeltzalea herriko argiteria publikoa hobetzeko lanean ibili da azken hilabeteetan, eta bide horretatik, Udal plan energetiko barri bat diseinatzen ari dela jakinarazi dau. Azkenaldian egindako indartzeen artean, Madalen eta Metxikas auzoetan eguzki-farola barri eta hibridoak jarri dabezela nabarmendu dabe. Guztira, hamar argi berriztagarri instalatu dabez Madalenen eta beste lau Metxikasen, udalerriko beste eremu batzuetara zabaldu ahal izango den proba pilotu baten barruan. Ekimen honen helburua auzoetako argiztapena eta segurtasuna hobetzea da, baina baita energia-kontsumoa gitxitzea eta eredu eraginkorrago zein jasangarriago baterantz egitea be, zerbitzu publikoak Errigoitiren benetako beharretara egokituz.

Udal Energia Plan barria eta diru-aurreztea

Hobekuntza horregaz batera, alderdi jeltzalea Udal Energia Plan barri bat garatzen ari da, autokontsumoa sustatzeko eta eraikin publikoetan energia berriztagarriak aprobetxatzeko. Gaur egun, udal ekipamenduetan —hala nola frontoian eta Kultur Etxean— sistema fotovoltaikoak instalatzeko hainbat aukera aztertzen ari dira. Plaka horien bidez urtean 10.000 euro inguru aurreztea aurreikusten da, eta diru-kopuru hori udalerrirako inbertsio eta hobekuntza barriak egiteko erabili ahal izango dabe.

Proiektu barri honen helburua da udalaren energia-kontsumoaren zati bat eguzki-energiaren bidez asetzea eta kanpoko mendekotasuna pixkanaka txikitzea. Gainera, Planak udal-instalazioei lotutako autokontsumorako formula partekatuak bultzatzeko aukera be jasotzen dau. Gogoratu dabenez jasangarritasuna legealdi hasieran herritarrekin hartutako konpromisoa da, eta Errigoiti bezalako udalerri baten errealitatera egokitutako urrats errealistak ematea dela bidea. “Trantsizio energetikoa ez da egun batetik bestera egiten, baina garrantzitsua da udalerria hobetuko daben jarduera zehatzekin aurrera egitea”, adierazi dabe.