Busturialdeko mendi, begiratoki eta itsasbazterrak jendez betetzea espero da eguazten honetan, abuztuak 12. Eguzki-eklipse historikoa ikusteko ikusmin erraldoia dago, eta horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak LABI alerta-fasean aktibatuko dau 15:00etatik aurrera. Segurtasuna bermatzeko eta errepideetako kaosa saihesteko neurri bereziak hartuko dira gure eskualdean zein Euskadi osoan.
Ahal dela, herritik bertatik edo etxetik hurbil dagoen leku batetik eklipsea ikusteko deia egin dabe agintariek, alferrikako joan-etorriak saihesteko. Busturialdetik mendebalderantz ikuspen ona daukan edozein txoko egokia izango da fenomenoaz gozatzeko, baina mugitu behar izanez gero, prestaketak garaiz egitea eta bueltarako tartea hartzea eskatzen da.
Segurtasuna eta trafikoa: KONTUZ ERREPIDEAN
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak zaintza zorroztuko dabe Bermeo, Gernika, Mundaka eta inguruko sarbide nagusietan, bereziki autoak baimen barik aparkatzea prebenitzeko eta larrialdietako ibilgailuei bidea zabalik uzteko. Trafiko Zuzendaritzak ohar argiak emon dauz:
-
Debekatuta dago autoa bazterbidean uztea eklipsea ikusteko.
-
Gidatu bitartean: ezin da eklipse-betaurrekorik erabili, ezta argazkirik ateratzeko gelditu ere. Argia piztuta eroatea gomendatzen da.
-
Kamioiak: 7.500 kilotik gorako ibilgailu astunek zirkulazioa mugatuta edukiko dabe 17:00etatik 23:59ra.
Begiak eta osasuna babestu: ONDO PRESTATU!
Eklipseari begiratzeko unean zuhur jokatzea funtsezkoa da. Zuzenean begiratzeak begietan kalte itzulezinak eragin ahal dauz:
-
Betaurreko homologatuak: ISO 12312-2 araua betetzen daben betaurrekoak bakarrik erabili. Eguzkitako betaurreko arruntak, CDak, karretik gabeko argazki zaharrak edo kristal ketuak ez dira seguruak.
-
Atsedenak: Betaurreko homologatuekin ere, ez begiratu 45 segundotik gora jarraian.
-
Bero handia: Euskalmeten arabera, zerua garbi egongo da, baina bero handia egingo dau (Bilbo inguruan 32-34 ºC artean). Ekarri ur nahikoa, erabili eguzkitarako krema eta bilatu itzalak, bereziki ume eta nagusiekin bazabiltza. Euskalmetek gomendatzen dau iragarpen eguneratuak jarraitzea bere webgunean eta X, @Euskalmet kontu ofizialean.
Edozein larrialdi izanez gero, gogoratu 112 zenbakia dela dei egin beharrekoa.



