Foruko Udalak laukoiztu egin dau udal garbiketa zerbitzua, herriko txokoak garbiago mantentzeko helburuagaz. Kontratu barriak irispide teknikoak eta ingurumenekoak barne hartzen dauz; besteak beste, ingurumena errespetetan daben produktuak, materialak, makinak edota lehen mailako kalidadeko aplikatzaileak erabiliko dira. Zerbitzu barri hau bagilean hasiko da martxan.
Udalak esleitu barri dauen kontratuaren aurrekontuak hainbat gune zehatz garbitzea barne hartzen dau. Lanen barruan sartzen dira kaleetako eta oinezkoentzako guneetako azpeloiak eta galtzadak garbitzea, plazak eta berdeguneak txukuntzea, eta ezkerraldeko azpeloiak garbitzea B1-2235 errepidean, Bermeorako norabidean hain zuzen be. Era honetara, Atxondoa, Elexalde, Ibarra, Landaberde eta Torrebarri auzoetako zerbitzua hobetu eta zabaldu egingo da, tren geltokiko eremuagaz batera. Gainera, herriak San Inazio eguna ospatzen dauen jai egunetarako erreferentzia berezi bat be jaso da kontratuan, garbiketa sakonagoa bermatzeko.
Zerbitzuak irauten dauen egun guztietan hainbat zeregin zehatz egingo dira beharrezkoa dan bakoitzean. Adibidez, koipe- eta olio-orbanak garbituko dira, hustubideak, saretak, arekak eta espaloiak garbi mantenduko dira, eta espaloietako zein zintarrietako landaredia kenduko da. Era berean, uri-hondakin solidoen edukiontziak uzten diran eremuak garbi manteniduko dituzte eta herriko paperontziak hustuko dituzte. Esleipen-aldian urbanizetan diran zona barri guztiak be egin beharreko lanen barruan geratuko dira, eta sortzen diran beharrizanen arabera unean uneko beste zeregin batzuk iragarriko dira.
Lan guzti honeek hainbat baldintza bete behar dabez zerbitzuaren kalidadea bermatzeko eta auzokideen atsedena errespetatzeko. Inpaktu akustiko edo zarata handia sortzen daben motordun elementuak goizeko 08:00etatik aurrera baino ez dira erabiliko bizitegi-eremuan, eta lanak lorazaintza-zerbitzuagaz zein udal-langilakaz koordinatuko dira. Azkenik, proponidutako kudeaketaren eraginkortasuna eta aurreikusi bako lanen kopurua egiaztetako, enpresak hilean behin egindako lan guztien laburpen bat emongo deutso Foruko Udalari.





