Ertzaintzak, Bermeoko Udaltzaingoagaz elkarlanean, 20 urteko gazte bat atxilotu dau Alde Zaharrean taldean egindako eraso baten parte hartzea eta indarkeriazko lapurreta egitea leporatuta. Biktimek, 19 eta 21 urteko gazteek, jipoia jaso eben eta horietako bati erlojua kendu eutsien.
Gertakariak domeka goizean izan ziran, goizeko zazpi eta erdiak aldera. Gernikako Ertzain-etxeak Alde Zaharrean liskar bat egon zela jakin ostean, patruilak berehala bertaratu ziran lekura. Poliziek bi biktimak artatu behar izan ebiezan, eta gorputzean hainbat zauri euki ebienez, mediku-laguntza jaso behar izan eben ospitalean.
Ingurua miatu ostean, agenteek susmagarrietako bat topatu eben herrian bertan. Gazteak biktimek emandako ezaugarri guztiak betetzen zituen eta, gainera, erasoan lapurtutako erlojua zeraman gainean. Poliziek objektua berreskuratu eta jabeari bueltatu eutsien. Gizon hau identifikatzeko unean, agenteek egiaztatu eben errekisitoria judizial bat be bazegoela indarrean, eta epailearen aurrera eroateko atxilotze agindua eukala.
Atxilotua, polizia-aurrekari ugari daukana, polizia-egoitzara eraman eben beharrezko izapideak egiteko, eta gaur astelehena, maiatzak 25, jarri dabe epailearen eskuetan. Bestalde, Ertzaintzaren patruilek erasoan parte hartu izana leporatuta beste hiru gazte be identifikatu dauz, eta ikerketak zabalik jarraitzen dau.





