Gernika-Lumoko Jai Batzordeak martxan ipini dau 2026ko herriko jaiak iragarriko dabezan kartela aukeratzeko lehiaketea, eta aurten, lehenengo biderrez, adimen artifizialaren (AA) erabilereari buruzko baldintza zehatzak ezarri dauz oinarrietan. Parte-hartzea librea izango bada be, AA erabili daben egileek horren barri emon beharko dabe, gizakiaren esku-hartze maila zehaztuz; izan be, Udalak argi itxi gura izan dau egilearen sormen-pisuak gailendu behar dabela irudi automatikoen gainetik. Horregaz batera, egile-eskubideen babesa azpimarratu dabe, eta kanpoan geratuko dira plagioak, imitazinoak edota egilearen inguruko zalantzak sortzen dabezan lanak.
Proposamenak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 5ean amaituko da. Kartelak bertikalak izan beharko dira (65 x 45 zm), teknika librekoak, eta derrigorrezko testu hau eroan beharko dabe: “GERNIKAKO JAIAK 2026” eta “Abuztuak 14-18”. Lanek jaien jai-giroa eta herri-izaerea islatu beharko dabe, betiere ikuspegi inklusibo batetik, estereotipoak baztertuz eta aniztasuna (generoa, adina, jatorria edota dibertsitate funtzionala) aintzat hartuta.
Lanak Kultura saileko webgunearen bidez bidali behar dira, eta epaimahaiak ekainaren 10ean jakinaraziko dau nor den irabazlea. Saria 600 eurokoa izango da, eta irabazten dauen kartela Udalaren jabetzara pasatuko da, edizino beharretarako aldaketa teknikoak egiteko aukereagaz.
Azkenik, aurkeztutako lanek beharrezko kalitaterik ez balukie, lehiaketea hutsik itxi ahal izango litzateke; kasu horretan, Udalak herriko artista bati eskatu ahal izango lioke jaien irudia diseinatzea.





