Segundo Olaeta Musika Eskolak bere Kultur Astearen hirugarren edizioa ospatuko dau ekainaren 23ra arte. Ekimen honen bidez, musika Gernika-Lumoko hainbat txokotara hurbilduko da, ikasleek eta zentroko taldeek eskainiko dituzten kontzertu eta emonaldiei esker.
Egitaraua astelehenean hasi zan eskolako abesbatzen saioagaz. Atzo, ekainak 17, eguaztena, Elai-Alai auditorioan izango da hitzordua biolin eta biolontxelo taldeen kontzertuagaz; bertan, ikasleek ikasturte osoan zehar egindako lana erakutsiko eben jendaurrean.
Musika kalean, jaiak eta amaiera museotan
Kultur Astearen barruan, egunik itxarondakoenetako bat ostegunean, gaur izango da, Musika Kalean ekimen barri bategaz. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Adolfo Urioste kalea aire libreko esertoki bihurtuko da, Iparragirreren eskulturaren ondoan eta BBK-ren egoitzaren aurrean, musika herritar eta bisitari guztiengana hurbiltzeko ingurune ireki baten.
Asteburuari begira, egitarauak San Juan Ibarrako jaiekin bat egingo dau:
-
Ekainak 19, barikua: Trikitixa taldeak kalejira itzela egingo dau Musika Eskolatik hasi eta San Juan Ibarra plazaraino. Gau horretan bertan, jaien barruan, Rock N’ Band kontzertu handia egongo da.
-
Ekainak 20, zapatua: Auzoko jaien barruan be, Segundo Olaeta Musika Eskolako konboak igoko dira oholtzara, gaueko 22:00etan eskainiko duten rock kontzertuagaz.
III. Kultur Asteari amaiera borobila emoteko, ekainaren 23an gitarra kontzertua egongo da Euskal Herria Museoan. Arratsaldeko 19:00etan izango dan emonaldi honek emango dautsi amaiera ikasturtean zehar landutako talentua eta ikaskuntza partekatzeko balio izan daben musika egun hauei.



