Biztanleria galtzea, zahartze progresiboa eta etxebizitza lortzeko zailtasunak dira Urdaibaiko erronka nagusienetako batzuk. Joera horri buelta emoteko asmoz, Gernika-Lumoko Udalak estrategia bat diseinatu dau, babes publikoko etxebizitza promozio barriak, sektore indartsuetan enplegua sortzea eta eskualdeko beharretara egokitutako ikasketak bultzatzea batzen dabezena.
Plan honek babes publikoko 206 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dau; horreetatik %75 alokairu eskuragarrira bideratuko dira eta gainontzeko %25a salmenta babestura. Helburua da gazteek euren bizi-proiektua eskualdean garatu ahal izatea, aukera falta dela-eta beste udalerri batzuetara joan beharrik izan gabe. “Urdaibaik biztanle galdera progresiboa eta zahartze nabarmena bizi dau. Gazte askok alde egin behar izaten dabe etxebizitza, lana edo ikasketak bilatzeko. Belaunaldi aldaketa bermatu nahi badogu, hiru arlo horietan batera eragin behar dogu”, azaldu dau José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Etxebizitza planaren lehenengo fasea (80 etxebizitza)
Programaren lehenengo urratsean 80 etxebizitza jarriko dira martxan, modu honetan banatuta:
-
Etxebizitza sozialak: Udalerriko hainbat tokitan banatuta egongo dira, bizitegi-merkatura sartzeko zailtasun handienak daukiezan pertsonentzat, alokairu sozialeko erregimenean eta errenta txikiekin.
-
Santa Luzia auzoa: Eusko Jaurlaritzagaz batera, alokairu eskuragarrira bideratuko diran babespeko 58 etxebizitza daukaten bi eraikin barri altxatuko dira.
-
Zuzendutako lojamentuak (Alojamiento dotacionales): Aldizkako alokairurako 29 apartamentu publiko sortuko dira, euren egoera pertsonala edo laborala finkatzen ari diren bitartean behineko bizitokia behar dutenentzat. Busturialdean eta Lea-Artibain mota honetako lehenengoak izango dira, Etxebidek kudeatuko ditu eta errentak onuradunen diru-sarreren arabera ezarriko dira.
-
Errenteria auzoa: Erosketa-erregimeneko babes ofizialeko beste 16 etxebizitzagaz osatuko da lehen fasea.
Paraleloki, Udala lanean ari da dagoeneko bigarren fase baten, herriko beste gune batzuetan babespeko 126 etxebizitza gehiago txertatzeko.
Enplegua finkatzeko eko-berrikuntza parkea
Udal gobernuaren ustez, etxebizitza eskaintzagaz batera kalitatezko lan aukerak egon behar dira talentua eskualdean mantentzeko. Horregatik, ekonomia zirkularrean, industria berdean eta trantsizio ekologikoan espezializatutako eko-berrikuntza eta bioekonomia parke bat sortzea proposatzen da.
Proiektu hau Lamiaran (La Vega) industrialdean garatuko litzateke, udalaren eta aldundiaren jabetzakoak diren 150.000 metro koadroko eremuan. Hasierako kalkuluen arabera, enpresa-gune barri honek 2.200 lanpostu baino gehiago sortu litzake jasangarritasunari eta teknologia berdeei lotutako sektoreetan.
Lanbide Heziketako (LH) zentro barriaren proiektua berreskuratzea
Estrategia honek gazteak herrian sustraitzeko prestakuntzaren aldeko apustua be egiten dau. Zentzu honetan, Udalak Eusko Jaurlaritzak 2008an iragarri eta gauzatu gabe geratu zan Lanbide Heziketako zentro barria eraikitzeko proiektua berreskuratzea planteatzen dau. Garai hartan, Udalak Astra lantegi zaharraren lursailak erosi zituen 4,5 milioi euroko inbertsioagaz, baina proiektua bertan behera geratu zan.
Orain, proposamena egungo beharretara egokitzea da, etorkizuneko zentroa Urdaibaiko Biosfera Erreserbagaz lotutako prestakuntza-erreferente bihurtzeko. Bertan irakatsi litezkeen titulazioen artean, hondakinen kudeaketa, uraren ziklo integrala, ingurumen-jasangarritasuna edota trantsizio ekologikoari lotutako teknologiak egongo lirateke. Alkatearen hitzetan, “etxebizitza funtsezkoa da, baina baita enplegua eta prestakuntza ere. Gure gazteak hemen geratzea eta euren etorkizuna hemen garatzea nahi badogu, benetako aukerak eskaini behar dautsueguz esparru guztietan”.



