Gernika-Lumoko Udalak harrera ofiziala egin deutso asteon ICLI (Lankidetzarako Ingeniaritza) erakundeari, taldeak hiru hamarkadatako ibilbidea bete dauela-eta. Ekitaldian José María Gorroño herriko alkatea eta Pedro Mugarra erakundeko ordezkaria egon dira buru.
Harrera instituzionalagaz batera, lan-bilera bat be egin dabe bi aldeek. Bertan, ICLIak nazioarteko lankidetzan egindako bidea eta garatutako ekimenak aztertu eta partekatu dituzte. Urteurren borobil hau gogoratzeko, Gobernuz Kanpoko Erakundeak oroigarri berezi bat oparitu deutso Gernika-Lumoko herriari.
ICLI garapenerako erakunde independente bat da, eta Hegoaldeko herrialdeetan garapena sustatzeko egiten dau lan. Horretarako, ingeniaritza arloko eta beste lanbide batzuetako profesionalen ezagutza eta esperientzia baliatzen ditu proiektuak aurrera eremateko.
Udaletik lankidetzan eta nazioarteko alkartasunean ICLIak azken hogeita hamar urteotan erakutsitako konpromisoa eta egindako lan bikaina goraipatu eta eskertu gura izan dabe.





