Gernika-Lumoko arteriarik erabilienetako batek, Juan Calzada kaleak, bere fisionomia eta erabilera-logikea aldatuko dabezan eraldaketa sakonari ekin deutso. Proiektu honek 507.881,73 euroko aurrekontua dauka eta Gurutze Gorriaren eraikinetik Barandiaran dendaraino doan 235,39 metroko tarte estrategikoan eragingo dau; lanak 2026an zehar egingo dira eta hiru hileko epea aurreikusten da. Azken asteetan hasitako beharginak azpiegiturak eguneratzea eta kalearen irudia barriztea daukie helburu, lurpeko lanakaz hasita: saneamendu eta hornidura sareak guztiz aldatuko dira epe luzerako eraginkortasuna bermatzeko.
Oinarri horren gainean, Udala espazio publikoa birkonfiguratzen dabil helburu argi bategaz: ibilgailuen eta oinezkoen arteko marruskadurea murriztea. Jose Maria Gorroño alkateak adierazi dauenez, asmoa Juan Calzada kale irisgarriagoa eta seguruagoa egitea da, hiri-eredu barri baten barruan oinezkoari lehentasuna emonez. Diseinu barriak irisgarritasuna eta segurtasuna jarriko ditu ardatz, materialak aldatzeaz harago, espazioaren erabileran lehentasunak zehaztuz. Lan honek Pasealeku eta Gurutze Gorriaren artean egindako barriztapenari jarraipena emongo deutso, udalerriko ardatz nagusietako bat osatuz eta Juan Calzada igarobide huts izatetik gune orekatuagoa izatera pasatuz. Esku-hartze hau espazio publikoa hobetzeko udal estrategiaren barruan kokatzen da, mugikortasun atseginagoa eta hirigintza-kalidade handiagoa bultzatzeko asmoz.





