Aurten 89 urte beteko dira 1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumok pairatu eban bonbardaketa izugarritik. Europa garaikideko aire-eraso garrantzitsuenetako bat izan zan, nazioartean oihartzun handia izan ebana eta biztanleria zibilaren kontrako sarraskiaren ikur bihurtu zana. Hori gogoratzeko, herriak egitarau zabala prestatu dau , apirilaren 25ean eta 26an izango diran ekitaldi nagusiakaz.
Larunbat goizean, hilak 25, Jose Labauriari omenaldia egingo jako 11:30ean bere izena daukan plazan , eta ondoren, 12:15ean, gudarien oroimenezko ekitaldia egingo da Pasealekuan. Eguerdiko 13:00etan, Elai Alai areto txikian, “Giza Eskubideen aldeko Sormena: Kartel Politikoak” erakusketaren inaugurazio ofiziala ospatuko da.
Igandean, hilak 26, oroimen egun handia ospatuko da herrian. Goizeko 11:00etan, San Juan Ibarra plazan, “Memoria Demokratikoaren Lekua” izeneko eskultura inauguratuko da , eta 11:30ean, George L. Steer kazetariari omenaldia egingo jako Barrenkalebarrena kalean. Eguerdiko 12:00etan, Lizeo Antzokian, “Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Sarien” XXI. banaketa ekitaldia egingo da.
Jarraian, 14:00etan, Jai Alai frontoian herri-bazkaria egingo da, eta bertan Bosnia eta Herzegovina, Azerbaijan eta Armeniako enbaxadoreei aitortzak emongo jakez. Arratsaldean, 15:45ean, momenturik garrantzitsuenetako bat helduko da: “Sirena hotsa eta 4 minutu” ekitaldia.
Momentu horretan, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, aipatutako hiru herrialdeetako enbaxadoreakaz eta Global Summit Flotillako ordezkariekaz batera, “bakearen usoak” askatuko ditu ekitaldi sinboliko baten. Eguna amaitzeko, 16:30ean, lore-eskaintza egingo da Zalloko hilerrian bonbardaketan hildakoen omenez.
Guzti honek jardunaldiaren nazioarteko izaera eta balio sinbolikoa indartzen dabe, oroimena, bakea eta bizikidetza ardatz hartuta.





