Gernika-Lumo oroimen historikoan murgilduko da aurten be, herria suntsitu eban bonbardaketaren 89. urteurrena gogoratzeko. Apirilaren zehar herriko egitaraua indartu egingo da, zorroztasun akademikoa, aldarrikapen soziala eta erakundeen omenaldiak buztartuz, biktimak ohoratzeko eta herria bakearen ikur moduan aldarrikatzeko. Hurrengo jarduera hilaren 16an, eguenean, izango da, Jon Penche eta Jimi Jimenezek eskainiko daben “El costo humano de los bombardeos. Durango 31M1937” hitzaldiagaz Pipergorri elkartearen eskutik.
Artea salaketa-tresna bihurtuko da barikuan, hilak 17, Jose Labauria plazan “Hegazti erraldoia” eskultura ipiniko danean, Eskuahaldunak eta Gernika Palestina taldeen eskutik. Hurrengo asteburuan, hilaren 18an eta 19an, familiako antzerkia Merkurion eta giza eskubideen aldeko kartel politikoen erakusketa zabalduko dira Elai Alain. Hurrengo egunetan, gaurkotasuneko gaiak jorratuko dira: Busturialdeko garapenari buruzko berbaldiak Astran, Txema Garciaren “Urdaibaiko maleta” liburuaren aurkezpena Kultur Etxean, eta zine zikloak Lizeo Antzokian, tartean “Mugarik gabe” dokumentala.
Hilaren 24an, barikuan, ekitaldi nagusiak hasiko dira: Bakearen eta Kulturaren XXXVI. Nazioarteko Jardunaldiak Elai Alain eta Xabier Irujoren saioak frankismoari eta genozidioari buruz. Zapatuan, hilak 25, Jose Labauria eta George L. Steer kazetariari omenaldiak egingo jakez, eta San Juan Ibarra plazan “Memoria Demokratikoaren Lekua” eskultura inauguratuko da.
Domekan, apirilak 26, urteurrenaren eguna, isiltasuna nagusituko da herrian 15:45ean, Pasealekuan eta Astran “Sirena hotsak eta lau minutuak” entzuten diranean. Lizeo Antzokian Bakearen eta Adiskidetzearen XXI. Gernika Sariak banatu ostean, eguna Zalloko hilerriko lore-eskaintzeagaz, Gernika Garretan taldearen kale-antzerkiagaz eta Gernika Batzordeak antolatutako kandelazko ibilbideagaz amaituko da. Oroimen-ziklo hau apirilaren 29an itxiko da Jai Alai frontoian, Ross Dantza Eskolak eskainiko dauen Dantzearen Nazioarteko Eguneko saioagaz.





