Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria 2025 emoteko ekitaldia egin zan atzo arratsaldean Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan. Aurten, Gloria Totoricagüena Politika Zientzietan doktore eta euskal diasporaren ikerketan nazioarteko aditu nagusietakoari emon deutsie saria. Hitzordu garrantzitsu honetan erakundeetako ordezkari nagusiek hartu eben parte, hala nola Imanol Pradales lehendakariak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak, José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta Irene Larraza Aizpurua Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiak.
Ekitaldian zehar, Totoricagüenaren ibilbide akademiko eta dibulgatzaile luzea goraipatu eben. Izan be, bere ikerlanek modu erabakigarrian lagundu dabe munduan zehar sakabanatuta dagozan euskal komunitateen ezagutzan sakontzen, eta Euskadiren kultura zein identitatearen nazioarteko proiekzioa sendotzen.
“Euskadi Globala” eta diasporaren garrantzia
Imanol Pradales lehendakariak bere hitzaldian gure diasporaren egokitzeko eta komunitatea eraikitzeko gaitasun aparta azpimarratu eban: “Maila emon eban gure historiako une erabakigarrietan, gure herriak eutsi ahal izan balezaion eta nazioartean ahots propioa izan zezan gerra eta diktadura garaian”. Lehendakariak gaineratu ebanez, kanpoko euskal komunitatea funtsezkoa izan da lotura ekonomiko, zientifiko eta kulturalak ehuntzeko, eta testuinguru horretan, Gloriak egindako lanak diasporaren kontzeptua zabaltzen eta belaunaldi barrietara proiektatzen laguntzen dauela.
Bestalde, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak euskal kulturaren nazioarteko dibulgatzaile nagusienetakotzat jo eban saritua. Urkizak diplomazia kulturalagaz eta diasporaren azterketagaz daukan konpromisoa nabarmendu eban, eta berak Euskal Etxeei buruz egindako ikerketen garrantzia ekarri eban gogora.
Eskultura, esker ona eta amaiera hunkigarria
Saria akreditatzen dauen Remigio Mendibururen eskultura jaso ostean, Gloria Totoricagüenak azken hamarkadetan bere ikerketa-proiektuetan parte hartu daben pertsona guztiekin partekatu eban aitortza. Bere hitzaldian, Boiseko Euskal Etxean izandako hastapenak gogoratu ebazan, eta ondoren, euskal diasporari buruzko ikerketak bultzatzeko unibertsitate eta gobernuakaz izandako lankidetza. Ikertzaileak “Euskadi Globala” delakoaren balioa aldarrikatu eban, eta nazioarteko sare hori indartzera animatu ditu bertaratutakoak, proiektu kultural, akademiko eta sozial barriak bultzatzeko.
Ekitaldiari amaiera borobila eta hunkigarria emoteko, Gure Arbola Zaharra abesbatzak Jose Maria Iparragirreren “Gernikako Arbola” abesti enblematikoa interpretatu eban.





