Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatuko da domekan Urdaibai Bird Centerren

Ospakizun sasoia heldu da Urdaibai Bird Centerrera hegaztiak pil-pilean dabilz-eta; enarak ur gainetik hegan dabiltza, bi elano bikote kumeak hazten ari dira paduran eta arrano arrantzaleen bisitak gero eta ohikoagoak dira, berriki koartza gorriak eta koartza karromarrozale be ikusi direlarik.

Guzti honegaz gozetako, zentroak gonbidapen berezia egiten dau datorren domekan, maiatzak 10, Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatzeko; goizeko 10:00etatik 12:00etara hegaztien eraztuntze zientifikoaren erakustaldia egongo da, aurretik izena emon barik, eta zentroko sarrera doakoa izango da 10:00etatik 18:00etara.

Aurten, hegaztiak ospatzeaz gain, horiek babesteko ahalegina egiten daben pertsonen lana autortu gura da “Hegazti bakoitzak balio dau – Zure behaketak garrantzitsuak dira!” leloagaz, herritarren zientziak migrazio-bideetan daukan garrantzia azpimarratuz. “Horregatik, Urdaibai Eraztuntze Taldearen lana nabarmendu gura dugu, 2002tik datu baliotsuak batzen dabilen talde aditu hau funtsezkoa baita kontserbaziorako, eta bisitariek euren lana gertutik ezagutzeko aukera izango dabe. Zatoz guregana hegazti migratzaileek dituzten arriskuen inguruan kontzientziatzeko eta euren habitatak babesteko beharraz jabetzeko, hegazti bakoitzak eta behaketa bakoitzak balio dauelako” gogoratu dabe arduradunek.